Andres Neuman argentinarrak eskuratu du Alfaguara literatura saria
GARA | MADRIL
«El viajero del siglo» nobelarekin irabazi du Andres Neumanek Alfaguara literatura saria. Saritutako lanaren historia XIX. mendean kokatu du egileak, eta garaiko Europa napoleonikoak zituen balore-hutsuneen eta egun Europar Batasunean bizi den identitate krisiaren arteko paralelismoak azaleratzen ditu. Obra zabala, konplexua eta «indar literario handikoa», esan zuen Carlos Franz epaimahaiko kideak. Alfaguara sariak 175.000 dolarreko (133.300 euro) ordainsaria du eta gaztelaniazko literaturan banatutako sarietatik garrantzitsuenetakotzat jotzen dute adituek.
Ez da nobela historikoa
Erabakia jakin ostean, Neumanek, bideokonferentziaz, esker oneko hitzak izan zituen eta «hunkitua eta pixelatua» sentitzen zela azaldu zuen. Schuberten musikak eman zion inspirazioa «El viajero del siglo» lana sortzeko eta, XIX. mendean kokatzen den arren, ez dela nobela historikoa argitu zuen. Errestaurazioko Europaren eta gaur egungo Europar Batasunaren planteamenduen arteko zubia eraikitzen du; baita egungo heziketa sentimentalaren eta bere sustraien artekoa, edota nobela klasikoarena eta narratiba modernoaren artekoa ere.