GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Ainhize Muniozguren Gurekin Jai batzordea

Isiltasuna, konplizitate negargarria

Gurekin Jai osatzen dugunok Zarauzko herritarrak gara, Zarautzen jaio edota bizi garenak.

Eta herritar gisa, herriko festak gustatzen zaizkigu guri ere. Hala ere, urte osoan zehar lanean aritzen gara herri justuago baten alde. Emakumeen eskubideen alde, euskararen normalizazioan buru belarri, gazteen problematikari aurre eginez, presoen eskubideen alde eta abar. Herriko mugimendua gara, herrian dauden beste hainbat proiektu, elkarte eta abarrekin batera. Eta herriarentzat egiten dugu lan. Gure ideiak eta aldarrikapenak eztabaidatzeko beti prest eta urte osoan zehar buru-belarri aritzen gara, hemengo hitzaldia, hango kontzertua antolatzen edota salaketa herritarra egiten.

Horrela hasi ginen aspaldi, herriko jaietan herri eragile ezberdinak txosnak jarri eta horrekin batera herri egitarauak antolatzen; eta urtero-urtero, huts egin gabe, San Pelaio eta Euskal Jai guztietan txosna gunea girotzen. Herritar askok parte hartu izan dute eta parte hartzen dute honetan. Neketsua da lana, baina gustura egiten dena, norekin eta norentzat egiten den kontuan hartuta. Eta norentzat ba! Herriarentzat. Denen gustukoa izan ez arren, guztiei irekia dagoen gunea delako.

Ez da berria Gurekin Jai batzordearen (txosna batzordea) eta Udalaren arteko harremana denboran zehar gaiztotzen joan dela, lehen ere erraza ez bazen ere. Herritar gisa ditugun eskubiderik gabe utzi gaituzte eta, aurreko batean baieztatzen genuen bezala, baimenak murrizteaz gain, fidantzen dirua ez digute itzuli. Ez digute gure dirua itzuli, urte osoan zehar borondatez lanean ari garen kolektiboen dirua dena.

Hori gutxi ez, eta berriz Udalaren erabaki berriei aurre egin behar. Ia aho batez aurrekontuen barruan Gurekin Jai batzordeari dirurik ez ematea erabaki dute, ezta xentimorik ere. Ia denak ados. Eta hori gutxi balitz, txosna gunean ibiltzen garen herritar orori irain zuzenak bota dizkigute. Mespretxagarriak, lapurrak, bortxatzaileak eta terroristak omen gara txosna gunean ibiltzen garenok. Hau entzungo genuela pentsatzea zaila egiten zaigu. Are zailagoa, ordea, giza eskubideen alde agertzen den Udalaren ordezkariek hitz hauen aurrean isiltasunaz erantzutea. EA, PNV, PSOE, EB-ARALAR eta PP isilik! Denak ados orduan?

Irain, oztopo eta diru murrizketen aurrean, lanean jarraituko dugu tinko. Aurten ere San Pelaio herritar eta parte-hartzaileak antolatu nahi ditugulako, ilusioz gaudelako eta denon artean jaia eta aldarrikapena uztartzen jarraituko dugulako. Bide batez, animatu aurten ere festetan parte hartzera, txosna gunetik pasa zaitezten gomendatzen dizuegu, ederto pasatuko baitugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo