Ikus-entzunezko rallya eta ikasleen lanen lehiaketa, Huhezinemako berrikuntzen artean
GARA | DONOSTIA
Mondragon Unibertsitateko Huhezi Fakultateko (Eskoriatza) ikasle eta irakasleek elkarlanean antolatu dute Film Labur eta Dokumentalen jaialdia. Aurtengoa bigarren edizioa izango da, eta larunbatetik, martxoak 28, apirilaren 2ra bitarte, dozenaka lan ikusteko aukera izango da Arrasateko Kulturate eta Aretxabaletako Arkupe kultur etxeetan, besteak beste, lehiaketan parte hartuko duten 46 lan berriak. Izan ere, film eta dokumental laburren lehiaketa egingo baita jaialdian, aurreko edizioan bezala, baina honakoan bi sail nagusitan banatuko dira lanak: batetik, lehiaketa ofiziala izango da, eta, bestetik, Mondragon Unibertsitateko ikasleen lanak lehiatuko dira. Sail hori da, hain zuzen ere, aurtengo edizioak izango duen berrikuntzetako bat. Horrez gain, ikus-entzunezko rally-a egingo dute, baita mintegiak ere, arlo horretan itzal handikoak diren parte-hartzaileekin.
Epaimahaia eta sari banaketa
Aurtengoan lehiaketa ofizialeko epaimahaia luxuzko hiru kidek osatuko dute: Koldo Almandoz zinemagile donostiarra, Kepa Sojo irakaslea eta Begoña Vicario animazioan aditua. Lehiaketa ofizialera aurkeztutako lanak guztira 34 izan badira ere, horietatik 17 hautatu dituzte jaialdian parte hartzeko (sei dokumental eta hamaika film). Sail honetan, fikziozko lan onena, dokumentalik onena eta euskarazko lanik onena sarituko dituzte, eta bakoitzak 700 euro jasoko ditu. Garaile suertatzen diren sorkuntza-lanak apirilaren 1ean izango dira ikusgai Arrasaten, eta sari banaketa hurrengo egunean egingo dute Aretxabaletan. Unibertsitateko ikasleen lanak, bestetik, martxoaren 31n ikusi ahal izango dira Huheziko aretoan, mintegiaren aurretik.