Gernikako hilketa, eguneroko arazo baten gordina
Ez dira istripu baten ondorio. Izaskun Jimenezen hilketa eta haren alabaren egoera larria ez dira kasualitatez gertatu, ez dira bere senean ez dagoen gizon baten ezohiko ekintza izan, gure gizartean transmititzen diren balio jakin batzuen araberako portaeraren ondorio baizik. Emakumeen aurkako indarkeria bihar-etzi ezin da atzera politikarien, hedabideen eta oro har gizartearen bigarren mailako gaia izatera itzuli. Atzo Gernikan emakume bat hil eta haren alaba larri zauritu zituzten, baina egunero-egunero izaten dira emakumeen kontrako mota guztietako erasoak.
Arazo horri aurre egiteko betearazten ez den berdintasun lege bat baino askoz gehiago behar da, ordea. Plan oso bat, non hezkuntza eta kontzientziazioak berebiziko garrantzia duten. Politikariek indarkeria deslegitimatzeko hezkuntzaren garrantzia nabarmendu ohi dute, baina interes politikoagatik besterik ez. Harrigarria eta susmagarria da emakumeen aurkako indarkeria eta hura sortzen deneko balio patriarkalak baztertze aldera hezkuntzak tarte nabarmenagorik ez izatea. Indarkeria deslegitimatu behar dela esaten dute, baina zergatik onartzen da arlo guztietan emakumeak praktikan bigarren mailako herritar izatea? Pentsamolde hori barneratzen duena hurbilago dago haien kontrako indarkeria gauza normatzat jotzetik. Egin beharreko lana ez da txikia. Hurrengo hilketara arte zain geratuko gara?