GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Joko Handiaren hamaikagarren saioa

Zalantza izpirik ere ez baitaukat Obamak hartarakoxe ipini duela Holbrooke eginkizun horretan: errugbi jokalariaren bortizkeria eta poker jokalariaren toleskeria guztia erabiltzeko gauza delako, bere biografiak erakusten duenez eta Balkanetako hainbat buruzagik larrutik ikasi zutenez

Duela ehun urte esapidea ospetsu egin zuen Rudyard Kiplingek sei bat dozena urte eramango dituenez hilda (eta zer esanik ez kontzeptuaren asmatzailea izan omen zen Arthur Connollyk: 1842an bidali bide zuten Josafatera ingurumari haietatik), John le Carre zaharra, isilpeko lanen nobelagile saiatua, izan daiteke mahaiburu egokia eta, agian, balizko hitzarmen baten argitaratzaile aproposena. Edonola ere, Obamari entzuten diodanean AEBek badutela jada Afganistandik irteteko estrategia, argi dakusat Richard Holbrooke ordezkari bereziak eskualdera egin behar duen lehen bisitaldi ofizialaren abagunea ez litzatekeela alferrik galdu behar Kabulen, edo hor nonbait, Joko Handiko jokalariak mahai baten inguruan biltzeko. Gizalegez itsusi samarra balitz ere, horrelako karta-partida geopolitikoa askoz gizakoiagoa litzatekeelako Asia Erdialdean azken 30 urte hauetan pairatzen ari diren odoluste etengabea baino.

Zalantza izpirik ere ez baitaukat Obamak hartarakoxe ipini duela Holbrooke eginkizun horretan: errugbi jokalariaren bortizkeria eta poker jokalariaren toleskeria guztia erabiltzeko gauza delako, bere biografiak erakusten duenez eta Balkanetako hainbat buruzagik larrutik ikasi zutenez. Asia Erdialdeko Joko Handiaren fase honetako jokalari nagusietako bat da Holbrooke, eta hobe dute aurkariek hura ez gutxiestea. Eta alderantziz, noski.

Bere aurkarietako batek bost urte daramatza jada mahaian eserita Kabulen. Zamir N. Kabulov, Errusiak Afganistanen duen enbaxadore berezia da, eta ez, noski, deiturarengatik: 80ko urteetako okupazio aldiko «afgansia» ez ezik, errusiar aditu gorenetakoa da Afganistan, Iran eta abarretako kontuetan. Eta talibanekiko harremanetan ere bai. KGBko goi arduraduna izan zela aurpegiratu diote oraintsu; harrigarria litzateke hala ez izatea... baina mespretxatu behar ez den jokalaria dela, beste ezer ez du esan nahi horrek egungo Asia Erdialdean. Kirgizistanen Manaseko aireportu erabakigarriarekin NATOri arestian gertatu zaionak zer pentsatua eman behar lieke Mendebaldeko tolesgabeei, urrutirago joan gabe.

Egungo Afganistan eta Asia Erdialdeko Joko Handian esku hartzen duten beste batzuek ez dute izen edo izaera publikorik gaur-gaurkoz. Adibidez, nork zuzentzen du egun ISI, Pakistango zerbitzu sekretu militarren estrate- gia? Agian, erakundearen barnean ere oso argi ez dagoen «koska» da hori; argi dago, ordea, Zardariren Gobernua ez dela benetako nagusia... Edota, noraino daude inplikaturik Afganistan, Kaxmir, Waziristan, Balutxistan eta abarretako gatazketan irandarrak, indiarrak edo txinatarrak? Beti egon dira, hein batean edo bestean, Joko Handiaren barnean, eta horretan jarraituko dute, AEBek nahi ala ez.

Bigarren mailako (eta berta-bertakoak, finean, antzekoak dira) jokalarien posturak hortik aurrera hausnartu behar dira, zerbait ulertu nahi bada behintzat. Esate baterako, gure artean zur eta lur daude batzuk ikusita nola Karzai «lehendakaria», Bushen hatzak agintera eraman zuena, Obama eta Bidenekin etsaitu ahala talibanekin eta errusiarrekin adiskidetzen ari den... Lehen ere hamaika aldiz gertatua ez balitz bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo