GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Dagoeneko berrogeita bat euskal presori ezarri diete bizi arteko zigorra

Juan Mari Igarataundi, Nicolas Francisco Rodriguez eta Iñaki Pujana euskal preso politikoei bizi arteko espetxealdia ezarri die berriki Madrilek, amnistiaren aldeko mugimenduak atzo aditzera eman zuenez. 2006an Auzitegi Goren espainolak salbuespen neurri hori preso dituzten euskal herritarrei ezarri zienetik, dagoeneko berrogeita bat euskal preso politikori ezarri diete bizi arteko espetxe zigorra. Zestoako, Lasarteko eta Otxandioko hiru presook dira azkenak.

p015_f02_91405.jpg

GARA |

Amnistiaren aldeko mugimenduak atzo aditzera eman zuenez, azken asteotan beste hiru euskal preso politikori ezarri die Madrilek bizi arteko espetxealdia. Hala, dagoeneko berrogeita bat euskal herritarri ezarri die Auzitegi Gorenak salbuespen neurria.

Juan Maria Igarataundi zestoarra, Nicolas Francisco Rodriguez lasartearra eta Iñaki Pujana otxandiarra dira azken asteotan bizi arteko espetxealdia ezarri dieten azken hiru euskal preso politikoak. Berrogeita bat dira oraingoz, baina aurten beste hamasei bat euskal herritarri neurri bera inposatuko dietela dio Madrilek.

«Doktrina honen ezarpena legeztaturiko bahiketa politikoa baino ez da», salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak, eta horrelako salbuespen neurriak Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aurkako errepresio-erabakien baitakoak direla nabarmendu du.

Horren harira, gogora ekarri zuen datorren hilean, apirilean, 20 urteko beteko direla dispertsio politika abian jarri zutenetik; «ordutik hona mota guztietako jazarpen eta erasoak asmatu dituzte inoiz garaitu ez duten kolektibo oso bat ezabatzeko egindako apustuan».

Auzitegi Goren espainolak 2006an euskal preso politikoen aurka ezarri zuen doktrinaren azken «biktimen» gaineko informazioa ere nabarmendu zuen amnistiaren aldeko mugimenduak.

Juan Mari Igarataundi, egun Mansillan preso dutena, 1987an atxilotu zuten eta datorren apirilaren 9an aske beharko luke, ezarritako zigorraren arabera. Alta, orain 2017ra arte luzatu nahi diote espetxealdia.

Lau urteko zigorra gehitu gabe

Nicolas Francisco Rodriguez lasartearra ere 1987an atxilotu eta espetxeratu zuten. Egun, Herrera de la Manchako kartzelan dago. Maiatzaren 25ean kaleratzekoa zen, baina orain 2017ra arte izango dute preso.

Otxandioko preso politikoa, Iñaki Pujana, 1986an atxilotu zuten. Joan den otsailaren 23tik kalean beharko luke, baina 2021. urtera arte mantendu nahi dute preso. Gainera, nabarmentzekoa da kartzela uzteko data berria ezartzeko orduan Madrilgo auzitegiek ez dizkiotela kontuan hartu Estatu frantsesean preso igaro zituen lau urteak.

«Argi dago une honetan espetxe politikan ezartzen ari diren neurri hauek guztiak aurrez ikusi ditugun neurrien jarraipena baino ez direla», amnistiaren aldeko mugimenduaren esanetan. «Minbizia edo gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak espetxean mantentzen dituzte, bakartze politikarekin jarraitzen dute, lekualdatzeetan presoen aurkako erasoak ugaritzen dira, komunikaziorako bideak murrizten zaizkie eta sakabanaketak bere horretan dirau», gogorarazi zuen. Hartara, egoera honetan, «Kolektiboak mantentzen duen indarra eta duintasuna» nabarmentzekoa dela baieztatu zuten.

Bestalde, presoen alde atzo 140 lagun elkartu ziren Bilbon.

SALBUESPEN NEURRIA

Bizi arteko zigorra ezarri dieten azken hiru euskal presoek ere -Juan Mari Igarataundi, Nicolas Francisco Rodriguez eta Iñaki Pujana- hogei urte baino gehiago daramatzate preso.

beste HAMAR URTE

Auzitegi Gorenaren doktrina inposatuz, Igarataundiri eta Rodriguezi 2017an ezarri diete kaleratze data eta Pujanari, aldiz, 2021ean. Otxandiokoari, gainera, Parisen preso igarotako lau urteak ez dizkiote kontuan hartu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo