GARA > Idatzia > > Mundua

Hauteskundeak hurbiltzearekin, tentsioak gora egin du Aceh-n

Duela lau urte Indonesiako Gobernuak eta Aceh lurraldeko matxinoek adostu zuten ituna kinka larrian dago. Lurralde honetan hauteskundeak egiteko eguna hurbilduz doan heinean, gero eta larriagoa da egoera. Gutxienez 16 hildako izan dira abendutik hona.

p020_f01_148x108.jpg

GARA |

Aceh-ko egoera gero eta larriagoa da, azken 30 urteotan Indonesiarekin gatazkan egon den lurralde honetan izango diren lehen hauteskundeak egiteko eguna hurbildu ahala.

Sumatrako uhartearen iparraldean dagoen lurralde honetan abendutik hona izandako erasoen ondorioz gutxienez 16 hildako eta 47 zauritu izan dira, hainbat erakundek -artean Mundu Bakuak- aste honetan argitaratu duten txosten batek dioenez.

«Indarkeria kezkagarria den mailara heldu da, eta oraindik areagotzeko arriskua dago», nabarmendu zuten txostenaren egileek.

Erasoetan kaltetutako gehienak Aceh Alderdiko militanteak dira. Talde honek Jakartaren aurkako borrokan Aceh Askatzeko Mugimenduaren (GAM) lekukoa hartu du.

2005eko abenduan, matxinoek armak utzi zituzten, Indonesiako Gobernuarekin ituna sinatu ostean. Autonomia zabalago bat, Aceh-ko alderdien sorrera eta lurralde honetako ondasunen banaketa egokiago bat ezartzen zituen itunak. Hala, 1970ko hamarkadaren erdialdean hasitako gatazkari -15.000 hildako eragin zituen- amaiera eman nahi izan zioten.

Lau urte geroago, ordea, bi aldeen arteko tirabirak ez dira desagertu, eta apirilaren 9an izango diren hauteskundeen harira - legebiltzarra eta tokiko erakundeak osatzeko- egoera ozpindu egin da. «Armadaren barnean, asko dira uste dutenak GAMek oraindik ere independentzia duela helburu eta Aceh Alderdiak garaipen zabala lortzea Errepublikaren [Indonesia] batasunarentzako mehatxua izan daitekeela», azaldu zuen Sidney Jonesek, International Crisis Group (ICG) taldeko Indonesiako adituak.

Bestalde, «GAMeko militante askok uste du Armada Aceh Alderdiaren garaipena eragozteko prest dagoela. Hauteskundeen aurretik izan diren erasoen erantzuleak militarrak direla nabarmentzen dute», gaineratu zuen Jonesek. Haren ustez, dena den, tirabira hauen ondoren bortxakeriarik ez da izango neurri esanguratsuan.

Nolanahi ere, tentsioak gora egin duela-eta, agintariak kezkatu egin dira, besteak beste, Susilo Bambang Indonesiako presidente Yudhoyono bera.

Honek, Aceh-ra egindako bisita batean, herritarrei dei egin zien «hain odoltsu eta luzea izan den gatazkari amaiera eman dion prozesua ez zapuzteko».

sostengua

Irwandi Yusuf GAMeko kide ohi eta Aceh-ko gobernadoreak dei berezia egin zio nazioarteko komunitateari, lurralde honetako prozesua sostengatzen jarraitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo