GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Txapelketa

Lehiaketak hazten eta indartzen jarraitzen du

63 aizkolarik eman dute izena, eta estreinako zortziak datorren igandean neurtuko dira Arbizun.

p039_f01_13144.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Datorren igandean abiatuko da Arbizun Buruz Buruko Urrezko Aizkora, eta inoiz izan den partaide kopururik handiena izango du aurten lehiaketa honek. Finala, aldaketarik ez bada, ekainaren 13an izango da. Lekua, betikoa, Azpeitian izango baita urtero bezala.

Urrezko Aizkoran orain arte gonbidapenen bidez aritu izan dira aizkolariak, baina aurten izena emateko aukera eman zitzaien nahi zuten aizkolari guztiei, eta azkenean 63 kirolari izan dira parte hartzeko prest agertu direnak.

«Hortik, izango dira baja batzuk, beti izaten dira, eta hasteko, izena emandako bik adierazi dute min hartu dutela, eta ezin izango dutela lehiatu. Oraindik besteren bat edo beste ere izango da», esan zuen Luixmari Bengoak, Egur Sport enpresako arduradunak.

Lehiaketa honetan adin guztietako kirolariak arituko dira batera, beti kanporaketa eran. Gero, bi onenak bigarren fasera pasatuko dira.

«Hasteko, denak batera arituko dira, lehiaketa honetan ez dugu urteen mugarik jarri. Gero, beste bi lehiaketa ere egingo ditugu, maiatzetik aurrera. 18 urtetik beherakoena eta 23 urtetik beherakoena, baina adin horretakoek lehiaketa nagusi honetan ere parte hartuko dute», adierazi zuen Bengoak.

Bigarren fasea oso erakargarria jarri dute. Bertan iaz finalerdietan aritu ziren seiak izango dira. Nazabal, Larretxea, Arrospide, Olasagasti, Arria V.a eta Lopez. Horiei Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko txapeldunak gehituko zaizkie -Nafarroakoa, iazko sei onenen artean baitago-, Azurmendi, Atutxa eta Zubiaga, alegia. Lehen faseko bi onenak ere bertan izango dira, eta azkenik Mindegia gehituko zaie.

«Mindegiak iaz ez zuen parte hartu, eta litekeena da aurten azkeneko urtea izatea, eta fase honetan sartu nahi izan dugu», esan zuen antolatzaileen buruak. Hamabi aizkolariak hiruko lau multzotan banatuko dira, eta horietatik bi onenak final-laurdenetara sailkatuko dira, ligaxka amaitu ostean.

Final-laurdenetatik aurrera kanporaketa eran arituko dira aizkolariak amaierara arte, eta arestian aipatu bezala, finala ekainaren 13an izango da, nahiz eta aste bat ere aurreratu daitekeen. Lekua beti ere Azpeitia izango da.

Hasiera batean, Egur Sport enpresak Euskal Herritik kanpoko aizkolariei dei egiteko asmoa ere bazuen, baina azkenean bi segoviar besterik ez dira izango, Rodriguez aita-semeak. «Bi hauek bertakoak direla esan genezake. Urte asko daramatzate lehiaketa honetan parte hartzen, eta aurten ere hor izango dira. Besteentzat ez dago lekurik. Lehendik askok eman dute izena, denak antolatzea ez da erraza, eta hortxe amaitzea erabaki dugu», onartu zuen Bengoak. Hasteko, Arbizun izango da saioa igande eguerdian, eta lau kanporaketa jokatuko dira. Bertan, Oregi, Lekue, Eraso, Beltza, Goñi, Vazquez, Olasagasti eta Zaldua arituko dira. Hauetako batzuk gainera, inoiz plazaratu gabekoak dira. Parte hartzeko izena eman ez dutenak, Otaegi eta Aizpuru dira. Biek elkarren arteko apustua dute maiatzaren amaieran, eta, beraz, honetan ez aritzea erabaki dute.

Lehen fasea

Lehen fasea kanporaketa eran jokatuko da. Saio bakoitza galtzen duena kalera joango da, eta estreinako bi onenek bakarrik izango dute bigarren fasean aritu ahal izateko aukera.

Bigarren fasea

Bigarrenean, iazko lehiaketako sei onenak, Hego Euskal Herriko eskualde bakoitzeko txapeldunak, Mindegia, eta lehen faseko bi onenak neurtuko dira.

Bost monografiko aurkeztu dituzte

Nafarroako Herri Kirol Federazioak herri kirolari buruzko bost monografiko aurkeztu zituen atzo. Harri-jasotzea, aizkora, trontza, iparraldeko jokoak eta sokatira dira monografiko horietan agertzen direnak. Mikel Lasarte da egilea, Koldo Alduntzin eta Ttipi Ttapa telebistaren laguntzarekin.

Monografikoez gain, harri-jasotzeari eta sokatirari buruzko DVD bana ere aurkeztu zituen Lasartek: «Monografiko hauek argazki asko dakartzate, eta batez ere, arlo teknikoa eta arautegia aztertzen dituzte», esan zuen.

Gauzak ez dira hor amaitzen, eta Mikelek lanean jarraitu nahi du; hurrengoa segari buruzkoa izango dela iragarri zuen. Honekin guztiarekin herri kirol munduan hasi nahi duten guztientzat oinarri bat izatea nahi duela ere adierazi du egileak.

Monografiko hauek eta DVDak eskuratu nahi dituenak Nafarroako Herri Kirol Federaziora jotzea besterik ez du, eta haien bidez lortu ahal izango dituzte. Dudarik gabe, kirol hauek gustuko dituenak etxean edukitzeko zerbait aurkeztu zuten atzokoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo