GARA > Idatzia > > Kultura

Cirque du Soleil-en «Varekai» ikuskizunak ikaroren mitoa berrituko du Bilbon, bihartik hasita

Hogeita bost urte daramatza animaliarik gabeko Cirque du Soleil zirku kanadarrak mundua txunditzen. Bilbon ere izanak dira azken ikuskizunak aurkezten, eta bertan emango dute «Varekai» ere, bihar hasi eta apirilaren 26a bitarte.

p043_f02_141x108.jpg

Anartz BILBAO

Dominic Champagnek idatzi eta sortua, «Varekai» lanak mitologia greziarreko Ikaroren mitoa du ardatz, eta horrek, aurreko ikuskizunetan ez bezala, hari bat markatzen dio hasieratik bukaerara arte.

Iragan astean heldu zen zirku sonatua Deustuko Botika Zaharra aurrean dagoen lursailera, eta dagoeneko eraikia du bertan hilabetez izango duen herrixka (haur txinatarrentzako ikastetxe eta guzti), erdigunean ametsak gauzatzeko darabilten eta 2.500 ikuslerentzako edukiera duen Grand chapiteau karpa duela. Sarreren salmentak daraman martxa ikusita, gainera, eta merkeak ez diren arren (35 eurotik 95 bitartean), zirkuak erabaki du Bilboko egonaldia astebetez, apirilaren 26ra arte, luzatzea.

«Varekai» ikuskizuna bihar emango dute lehenengoz Bizkaiko hiriburuan, baina estreinaldiaren aurretik azken egunetako entseguak ikusteaz gain, gomazkoa ematen duen Irina Naumenko bihurrikari errusiarrarekin hitz egiteko parada ere izan du GARAk, gaztea beroketa ariketak egiten hasi aurretik.

Karpa nagusitik kanpo, artistek ariketak egiteko duten beste txikiago batean hartu gaitu Naumenkok, fisioterapeutak ondoan ditugula, gimnasioko pisu, zirkuko jantzi eta abarren artean, Ikeako altzariz jantzitako txokoan. Atsedenaldia du orain errusiar ilehoriak, baina elkarrizketa hasi eta bukatu bitartean, lasai eserita dagoen arren, bailarinak jantzita oin puntetan dagoela ikusi dugu.

Irina Naumenko 2003tik dabil kanadarrekin jardunean. «Errusiako zirku garrantzitsuenetariko batean ari nintzen, eta Cirque du Soleil-ekoek lan eskaintza egin zidaten, mundu osoan zehar castingak egiten baitituzte». Bihurrikaria edo kontorsionista da bera, «txikitan, haurrentzako zirku batean nengoela, entrenatzaileek dohainak nituela esan baitzidaten».

«Varekai» lanean, emakumezko pertsonaia nagusiena gorpuzten du Irinak, emaztegaia baita bera. «Ikuskizuna mitologia greziarrean oinarritzen da, Ikaroren mitoan. Hemen, itsasoan erori beharrean, baso miragarri batean erortzen da Ikaro, eta ni berarekin maitemintzen den beldar bat naiz. Saioan zehar etapa ezberdinak igarotzen ditugu, bukaerako ezkon bizitza zoriontsuan bukatu arte». Izan ere, itxaropena helaraztea da zuzeneko musika ere baduen emanaldiaren helburua.

Urtean sei edo zazpi hiri

Ikuskizunetik kanpoko egunerokotasunari buruz ere mintzatu zaigu errusiar neskatoa. Haren esanetan, «bizimodu normala daramagu hemen, lagun artean, gogor samarra bada ere. Egunero, hamarrak inguruan esnatzen gara, saioak nahiko berandu bukatzen dira-eta. Ondoren, posta elektronikoa begiratu, mezuak idatzi eta erantzun, lagun eta familiarekin Skipe bidez solastatu, eta eguraldiak lagunduz gero, hiria ezagutzen ematen dugu goiza. Geroago, entrenatzeko sasoia, eta iluntzean berriz, 45 minutu inguru makillatzen eman ostean, hasten da showa, gauerdira arte irauten duena. Beraz, bukatu, aldatu eta hotelean lotaratu orduko badira ordu biak edo, pentsa». Irinak aitortu zigunez, soineko edo makillajearekin edo gabe aritzea berdintsua omen da, baina alde makala dago, gero, publikoarekin jardun edo publikorik gabe. «Entrenamenduak sasoian mantentzeko dira, zuretzat egiten dituzu. Publikoaren aurrean berriz, ehuneko ehuna ematen duzu, beraientzako ari zara-eta».

Zirkuko artista hau urtean sei edo zazpi hiritan izaten da lanean, eta astebeteko etenaldia izaten du toki batetik bestera, libre. Halakoetan, «saiorik ez denean, egunean ordubete inguru ematen dut entrenatzen, ez askorik. Luzaketak egiteko baino ez». Bilbon lehen aldiz denez, ez du hiria ezagutzen, «tamalez eguraldiak ez du asko lagundu», esan zigun atzo, kanpoan zirimiria etengabe ari zuen bitartean.

Nomada bizimodua darama Naumenkok eta gustura badago ere, zeren falta sumatzen duen galdetu genion. «Nire apartamendua dut faltan, zirkuarekin hara eta hona gabiltzalako beti, bidaian. Hoteletan egiten dugu lo, eta faltan dut lana bukatu eta etxean nire txokotxoa ez izatea. Gainera, txakurtxo bat ere eduki nahi nuke, baina ezin dut, zirkuan ez dago-eta baimenduta». Etxekoez ere gogoratzen da, «baina orain, teknologia berriekin, errazagoa da kontaktua». Zirkuak familia handi bat ematen duela esan eta, «herrixka bat gara, familia baino, gehiegi baikara familia izateko» erantzun digu berak, hamaika jatorrikoak biltzen direla gogoratuta, artista, teknikari eta beste: Italia, Errusia, Kanada, Georgia, Estatu Batuak, Turkia..., «baina giro ona dugu guztion artean».

 

Fitxa

Data: Bihartik apirilaren 26ra.

Zirkua: Cirque du Soleil. Ikuskizuna: `Varekai'.

Ordua: Asteartetik ostegunera, 20.30ean.

Ostiral eta larunbatetan 18.00etan eta 22.00etan. Igandeetan 16.30ean eta 20.30ean. Astelehenak, itxita.

Sarrera: 35-95 euro bitartean.

Informazio gehiago: www.cirquedusoleil.com.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo