GARA > Idatzia > > Kultura

Irati Jimenezek «Nora ez dakizun hori» lehenengo eleberri luzea plazaratu du

GARA | DONOSTIA

Idazle gazteentzako Igartza bekan accessita lortu eta haren laguntzaz plazaratu du Irati Jimenez idazle bizkaitarrak bere lehenengo eleberri luzea, «Nora ez dakizun hori» izenburupean. Idazkera eder eta sendoz, «fikzioaren magia» berreskuratzen du lanak, liburuaren aurkezpenean autoreak azaldu zuenez.

Batetik, Martin agertzen da eleberrian, urtetan munduan barrena ibili ondoren Bilbora itzuli den gizonezkoa. Argazki erakusketa bat egiteko asmoa dauka eta hainbat hiriburutan egindako erretratuetan beti emakume bera agertzen dela konturatzen da, erdi ostenduta ikusten dena. Bestetik, Nora da beste protagonistetako bat. Irratian bere ahots gozoaz gaua janzten du eta etxean hainbat sekretu gordetzen ditu; batzuk gaziak, besteak gozoak.

Pasioa eta lilura

Ezinezko maitasuna eta kasualitate gertagaitzak aurki daitezke Irati Jimenezen lehenengo eleberrian, baina baita «likantropoak eta banpiroak, arima erosten duten aingeruak, ama hil ostean jaiotako haurrak, magoak, bidaiak eta ipuinak» ere. «Pasioz eta liluraz beteriko liburua da, jario hordigarri batez idatzia, amodio debekatuek bezala utzi ezinezko sorginkeriaz lotuko zaituena», adierazi zuen.

Irati Jimenez Uriarte Mundaka eta Bermeo artean jaio zen 1977an, eta Barakaldo eta Algorta artean bizi izan da azken urteetan. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen eta kazetaritza da bere egungo lanbidea; mikrofonoaren aurrean lehen, eta paper gainean idazten, orain. Jimenezek bi liburu zituen kalean, «Malcolm X» haurrentzako biografia eta «Bat, bi, Manchester, eleberri laburra, Augustin Zubikarai saria jaso zuena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo