GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Auzoko maindire famatuenak

Urruti edo urrutiago daude beti. Ez dago gertu dagoen kartzelarik. Aspaldi ikasi nuen kartzelarako distantzia ezin dela kilometrotan kontatu. Aste honetan maindire garbiak sartu behar dizkizut poltsan, koadrodun poltsa salatarian; hori aldean hartzen dugunean denek dakitelako nora goazen.

Auzoko famatuenak dira zure maindireak, astebete luze egoten direlako zintzilik balkoian. «Lehortuko ote dira!», esaten dit beti Joakinek. Benetan esan nahi duena hauxe da: «Eskumuinak eman semeari». Baina ez da ausartzen goraintziak zuzenean bidaltzen. Igoal irudituko zaio delitua dela. Astebetean kaleko usainez eta doinuz blaitzen dira maindireak. Goiko bizilagunen errietak eta berradiskidetzeak; okinak asteburuko pilota partidaz duen iritzia; zaborra biltzen duen kamioiaren zarata berantiarra; igandetako txistularien diana –nola amorrarazten zintuen–; manifetako leloak; Maiteren «zer moduz»-a. Ikusten nauen bakoitzean galdetzen dit zutaz. Nik uste oraindik maiteminduta dagoela, zu bezala. Halako batean ausartu eta eskutitz bat idatzi beharko zenioke. Tira, zuk ikusiko duzu.

Gero, maindireak tolesten denbora luzea ematen dut. Erritual modukoa da. Etxean bakarrik nagoela, isiltasunean tolesten ditut. Eta tolestura bakoitzean sartzen dizut zerbait: aitaren ondo kontatutako txiste txar bat –badakizu zer grazia duen–; zure anaiaren aldrebeskeriak; iloba txikiaren azken kasketatxoa; nire aholku amaigabeak. Imajinatzen dut han, ziega ilun hartan, maindirea astintzen duzunean denak airean barreiatzen zaizkizula. Eta, une batez, begiak itxi eta etxean, herrian, sentitzen zarela. Momentu horretan, juxtu istant horretan, nik ere begiak ixten ditut. Eta etxeko atetik sartzen sumatzen zaitut beti.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo