GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Gaur hasiko da korrika 16

«Euskara berreskuratzeko nahiaren adierazgarri grafikoa da Korrika»

p002_f03_250x100.jpg

Edurne Brouard
Korrika 16-ko arduraduna

29 urte joan dira jada AEK-k lehendabiziko Korrika antolatu zuenetik. Hala ere, Edurne Brouardek argi esaten du beharrezkoa izaten jarraitzen duela euskararen aldeko horrelako ekimen bat egiteak. Korrika-ko arduradunak ziurtatu duenez, gizartearen gehiengoan «suspertze eta sustatze lan handia» eragiten baitu.

Manex ALTUNA | BILBO

Tuteratik abiatuko da gaur arratsaldean Korrika 16. Nafarroako Erriberatik ateratzen den lehen aldia izango da, eskualde horretan euskalgintzan lan egiten dutenen omenez.

Euskararen herrira ongi etorria ematea izango da aurten zabalduko duzuen mezua.

Korrika 16 prestatzen hasi ginenean argi genuen etorkinen gaiari oratu behar geniola, ezin baita berriro errepikatu 50 eta 60ko hamarkadetan gertatutakoa. Euskararen mugimendua ez zegoen uholde horri aurre egiteko prestaturik eta euskararen normalkuntzan atzerakada nabarmena eman zen. Horrexegatik, orain ongi etorriak direla esan nahi diegu eta jakin dezatela hemen frantsesaz eta gaztelaniaz gain, beste hizkuntza bat dagoela, eta normaltasunez integratzeko kontuan hartu behar dutela, beraiek hobeto egongo baitira eta euskara ere bai.

Euskara erabiltzeko deia ere egiten duzue?

Bai, izan ere, egungo Euskal Herrian, belaunaldietan hemen jaio eta hazi diren euskaldun abizendun askok `egun on' ere esaten ez dutenean, etorkinei euskaraz egiteko eskatzea hipokrisia hutsa izango litzateke. Oraindik euskaldunak ez direnei pauso hori eman dezaten dei egiten diegu. Era berean, erabil dezaten dei egiten diegu pertsona helduei ere, eurek umeek gerora egingo dutenaren isla direla uste dugulako.

Nola azalduko zenieke Euskal Herrira etorri berri direnei Korrikaren garrantzia?

Ekimen honen garrantzia mobilizazioan dago. Soziolinguistek beren ikerketetan nabarmentzen dutenez, herri batek hizkuntza berreskuratzeko behar duena nahi izatea da, baldintza hori gabe ez baita posible. Korrika, Euskal Herriak nahi hori duen adierazgarri grafikoa da. Korrika egitearekin ez dugu ezer salbatuko, baina indar metaketa bat egiten laguntzen du. Etorkinei esango nieke munduan parekorik ez duen hizkuntzaren aldeko manifestazio erraldoi bat ezagutzeko aukera dutela, eta herri honen nahiarekin bat egiteko aukera. Are gehiago, manifestazio ludiko bat dela, ondo pasatzeko eta hizkuntzaren eta beren integrazioaren alde zerbait egiteko aukera ematen duena.

29 urteko ibilbidea du Korrikak, jaio zeneko helburu berberei eusten al die?

Baietz esango nuke. Hasieratik euskararen aldeko mobilizazio erraldoi bat egitea planteatzen genuen eta eguneratua mantentzen da momentuko erronkei aurre egiteko mezu bat plazaratuz. Beste helburua AEKrentzat epe laburrean diru asko lortzea zen, erakunde moduan oinarri sendoak eraiki eta luzaro iraun ahal izateko. Behar-beharrezkoa genuen eta gaur egun ere hala da, zoritxarrez. Korrika barik ez genuke gaur ezagutzen dugun AEK ezagutuko. Jakina denez, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako diru laguntza politikek ez dute gutxienekoa ere asetzen eta diru premia hori daukagu oraindik ere.

Nola edo nori otu zitzaion horrelako ekimen bat egitea?

Legendak kontatzen du afari batean pertsona batzuk batu, eta parranda giro horretan atera zutela ideia, baina egiaren zati bat baino ez da. Hori atera aurretik beste mila aukera aztertu eta jorratu ziren. Jende askok lan izugarria egin zuen eta azkenik irtenbide hori aukeratu genuen, epe laburrean diru asko lortzeko ideia berritzaileena delako eta parte hartze handiena bermatuz, diruaz gain beste hainbat gauza egiteko aukera ematen zuelako.

Hainbesteko babesa izatea espero zenuten?

Hasieran beldur izugarria ematen zuen, ez baikenekien zer gerta zitekeen eta jendeak parte hartuko zuen edo ez. Hasi aurretik kilometro dezente salduak ziren, baina itxaropena geneukan martxan hasita jendea ulertzen joango zela. Ezustekoak ere izan genituen, esaterako, Korrika ateratzeko unean Euskal Herriko hainbat herritan, ez Oñatin bakarrik, kanpaiak jo zituzten, itsasontzietako sirenak eta bolanderak ere entzun ziren. Zailtasunak ere izan zituen arren, eta batzuetan arazoak kilometroak betetzeko, AEK-ko jendearen laguntzaz Bilboraino heldu zen lekukoa eta ordutik aurrerakoa ezaguna da.

Asko aldatu al da urte hauetan guztietan?

Hiru ezaugarri nagusi izan ezik -euskararen eremu osoa hartzen duela, korrika egiten dela eta lekuko bat dagoela-, beste guztia gizartea aldatu den neurri berean aldatu da. Petoa esaterako, denborarekin etorri zen kontua da, baina batez ere teknologia berriek ekarri dituzte aldaketak. Korrika abiatu zenean ez genekien eskuko telefonoak izango zirenik ere, orduko hozkailu tamainako irratiekin Gurutze Gorriaren bitartez ematen genuen lasterketaren berri. Gaur egun, gero eta karabana handiagoa dugu eta kotxe pila bat lana errazteko.

Zein da gogoratzen duzun unerik bereziena?

Milaka une daude Korrika guztietan betiko gelditzen direnak. Lehen Korrikan adibidez, oso deigarria izan zen bukaera. Bilboko erakustazokako hiru pabiloiak bete genituen eta Gran Via ere jendez gainezka zegoen. Oso pozgarria izan zen. Bederatzigarren Korrikan berriz, kalean bukatu beharra zegoela erabaki genuen. Hain zuzen ere, aurten bukatuko den Andre Maria Zuriaren plazan. Aste pare batzuk aurretik TAUk garaipen bat ospatu zuen eta guk beraiek eramandako jende kopurua gainditzea lortu genuen.

Noizko azken Korrika?

Nik betiko mantenduko nuke, baina helburuak aldatuta. Hau da, euskarak bere geroa bermatua izatea eta AEK-k dirurik behar ez izatea. Hori lortuta, Korrikak herri baten garaipena adieraz dezakeela uste dut. Herri baten gogoa betetzeko balio izan duela herri mobilizazioak. Beraz, hori oroitzeko eta goraipatzeko mantenduko nuke, inori dirurik eskatu barik eta jai giroan.

«Instituzioek euskararen erabilera bermatzen lagundu behar dute»

Aurtengo Korrikak instituzioei ere euskara bultzatzeko deia luzatzen die?

Euskararen erabilera hautu pertsonal bat dela uste dugu, konpromiso pertsonal batetik hasi beharreko gauza bat da, baina hori errazten eta ahalbidetzen instituzioek sekulako pisua daukate. Euskaldunon euskara egiteko eskubidea bermatuta ez dagoen honetan erabilerarena norberaren esku uztea ez da zilegi, ezta etikoa ere. Ezin diogu jendeari eskatu leku guztietan euskaraz egitea, gero Osakidetzara jo eta ezin badu erabili. Beraz, instituzioei dei egiten diegu ongi etorri hori bermatu dezaten.

Instituzioekin eta zenbait alderdi politikorekin arazoak izan zituen Korrikak hastapenetan, bideratuta al daude gaur egun harremanak administrazioekin?

Egia da, Korrikaren hastapenek denetarik bizi izan zutela, lehenengoan laguntza moduko bat eman zen eta gero boikotak eta guzti. Hala ere, Korrikak mantendu egin du bere indarra urteetan. Gainera, 80ko hamarkadan hasitako beste jai eta manifestazio erraldoiek behera egin duten arren, Korrikak goranzko joera mantentzen du. EAEn Euskararen Legeak gauzatzeak hainbat onura ekarri ditu, baina oraindik ere hainbat gauza egin gabe daude eta herri erakunde garen heinean horiek aldarrikatzen jarraituko dugu. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian berriz, gutxieneko horiek betetzera ez gara heldu oraindik.

Patxi Lopez Lehendakaritzara helduz gero, zer uste duzu gertatuko dela euskararen alorrean?

Ez duela inolako atzerapausorik emango esaten du, baina itxaron egin beharko da. Guk orain arte proposatu ditugun gauza berak proposatzen jarraituko dugu, euskararen berreskurapenean lagundu dezaten eta eskubidea bermatzearen aldeko jarrera eskatuko diegu, ez inondik inora eskubide horiek murriztearena. Ibarretxek jarraituko balu, gauza bera planteatuko genuke, atzerapauso bat bera ere ez eta aurrera begira ahal bezainbeste pauso ematea. Manex ALTUNA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo