Txekiar Errepublika krisian, Europa hari begira
Txekiar Errepublikako Gobernua dimisioa aurkeztear dagoela, Ekialdeko Europako hirugarrena da krisi ekonomikoaren ondorioz krisi politiko nabarmenean dagoena. Nazioarteko Diru Funtsak eta Europar Batasunak Errumaniari porrota saihesteko emango dioten laguntzak osatzen du herrialde horien egoera kezkagarriaren koadroa, azken urteetan izan duten garapen basatiaren ondorio dena.
Txekiar Errepublikako Gobernuaren dimisioak ez omen du Europar Batasunean eraginik izango. Hala esan zuen atzo Mirek Topolanek lehen ministro txekiarrak Estrasburgon, baina uste izatekoa da haren entzuleek, europar parlamentariek, ez zutela gauza bera pentsatzen, Europar Batzordeak, Txekiar Errepublikak Lisboako Ituna berretsiko duelakoan, harenganako konfiantza agertu arren. Izan ere, lehen ministro-orde txekiarrak berak esan zuenez, Gobernuak behea joz, Lisboako Ituna berrestea zailagoa izango da gero. Europako Konstituzioa atzera bota ondoren, Lisboako Ituna herritar gehienei onartu edo errefusatzeko aukera ukatuta ere, ez da horren erraza izango hura indarrean jartzea -Irlandako bigarren erreferenduma ahaztu gabe, gainera-. Txekiako krisiak agerian utzi du EBren krisia. Eta zenbait behatzaileren arabera, Ekialdeko herrialdeetako krisi ekonomiko basatiak ere luze gabe Mendebaldekoetan eragina izango du.