GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Buruz Buruko Txapelketaren aurrekanporaketa

Beteranoa eta «hasiberria», aurrez aurre Labriten

Kokak 18 partida jokatu ditu txapelketa honetan, eta Zubietak, bakarra. Txartela lortzeko lehiatuko dira.

p039_f01_148x132.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Binakako Txapelketako finala oraindik jokatu gabe dagoela, badator dagoeneko Buruz Burukoa, bertan sartzeko aurrekanporaketa, alegia. Koka eta Zubieta arituko dira aurrez aurre larunbatean Iruñeko Labrit pilotalekuan txartela lortu nahian.

Oso ezaugarri ezberdinak dituzten bi pilotari neurtuko dira elkarren aurka. Juantxo Koka altzatarrak (Donostia) eskarmentu nabarmena du Buruz Burukoan (18 partida jokatu ditu orotara). Zortzi urte daramatza txapelketa honetan parte hartzen 2001ean debuta egin zuenetik. Inoiz ez da final-laurdenak baino harago sailkatu.

Nabarmentzekoa da aurrelariak aurreko koadroetan duen trebetasuna. Tantoak amaitzeko ez du denbora askorik behar eta egun ona baldin badu, pilotazaleek ikuskizun itzela ikusteko aukera izan dezakete. Bi paretak, gantxoak, dejadak... Tantoak amaitzeko armarik onenak erabiltzen dakien horietakoa da.

Larunbateko norgehiagokarako Asegarceko pilotariak 103,1 eta 104,9 gramoko bi pilota aukeratu ditu. Horietako bat arrunta da eta bestea bote gutxiagokoa.

Beste aldean, Zubieta arituko da. Etxarri-Aranatzeko atzelariak ez du apenas eskarmenturik txapelketa gogor honetan. Partida bakarra jokatu du orain arte eta galdu egin zuen (22-18, Eulateren aurka, iragan urtean).

Oso ondo eusten dio pilotari atzeko koadroetan, baina ez dago hain ohituta aurrean jokatzen. Buruz Buruko Txapelketan fisikoki oso ondo egon behar da eta nafarrak alde hori kontuan hartzen badu, gauzak oso zail jar diezazkioke Kokari.

Aspekoa, gainera, Binakakoan aritu da Xalarekin batera. Alderdi hori ona izan liteke berarentzat larunbatera begira. Labriteko neurketarako 103,7 eta 103,9 gramoko bi pilota aukeratu ditu, oso bizia den bat eta bote gutxiagoko beste bat.

Gauzak horrela, prest dago dena txapelketa honetarako. Orain, bakoitzak bere aldarrikapen pertsonala egin beharko du kantxa barruan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo