GARA > Idatzia > > Mundua

Koloniak zabaltzeko ezkutuko akordioa dute Netanyahuk eta Liebermanek

Israelgo Gobernu berria osatuko duten bi alderdiek, Likud-ek eta Israel Beitenu-k, Zisjordaniako Maale Adumim kolonia sionista estrategikoa zabaltzeko ezkutuko akordio bat sinatu dute. Proiektu horrek oztopo esanguratsua jarriko lioke Estatu palestinarra eratzeko asmoari.

GARA |

Israelgo lehen ministro berria izango den Benjamin Netanyahuk eta Israel Beitenu eskuin muturreko alderdiko buru Avigdor Liebermanek Zisjordaniako kolonia sionista bat zabaltzeko ezkutuko hitzarmena sinatu dute, atzo Armadaren irratiak jakitera eman zuenez.

Irrati horretan esandakoren arabera, ahozko akordio bat izan da, Washingtonen haserrerik ez eragiteko asmoz. Horregatik, kolonia hori zabaltzearen aipamenik ez da egiten Likud eta Israel Beitenuk Gobernu berria osatzeko sinatu duten akordioan.

Informazio horrek dioenez, 3.000 etxebizitza, bulego eta hotelak eraikiko dituzte Maale Adumim koloniaren alboan. eta hala, kolonia hori eta 1967an okupaturiko Ekialdeko Jerusalem lotzea du helburu Israelgo Gobernu berriak.

Palestinarrek gogor salatu dute egitasmoa, Zisjordania bi zatitan banatuko lukeelako. Hori gauzatuz gero, inoizko Estatu palestinarrak ez luke lurraldea jarraitutasunez antolatzeko modurik izango Zisjordanian.

Ez Likudek ez Israel Beitenuk ez zuten gain honen gaineko adierazpenik egin nahi izan. Maale Adumimeko alkate Benny Kashrielek, ordea, Liebermanek «etxebizitza horiek eraikitzeko beharrezkoak diren berme guztiak» eman zizkiola nabarmendu zuen.

2005ean Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek koloniak handitzeko proiektu guztiak gelditzea adostu zuen AEBekin. Halere, ordutik hona ere aurrera eraman du Israelek koloniak indartzearen politika.

Aurrerantzean ere horrela segitzeko asmoa duela dirudi. Laboristen sostengua lortu ondoren, Netanyahuk Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiaren babes bila dabil.

Alderdi hori Zisjordaniako kolonoen jarreraren defendatzaile sutsua da.

datorren astean

Laboristen laguntzari esker, Knesset-en (Israelgo Parlamentua) gehiengo osoa lortu ostean Gobernu berria heldu den astean aurkeztuko duela esan du Netanyahuk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo