GARA > Idatzia > Kirolak > Tau

Tresna desberdinak erabiliz hartua dio Tauk neurria

Baskoniak euren onetik ateratzen dituela onartu zuen Xabi Pascualek zazpigarren porrotaren ostean.


Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Talde batek besteari azken zazpi partidak irabazi dizkionean, neurria ondo hartua diola esateak ez dirudi astakeria. Partida hauek gainera garrantzi handiko lehiak direnean -bat Ligan, beste bat Superkopako finalerdian, hiru ligako finalean eta azkena Euroligako final laurdenetan-, egiten duten min psikologikoak are kaltegarriagoa dirudi. Porrot horietan protagonistak ezberdinak badira, galtzailearen entrenatzailearen lana ikaragarri zailtzen da eta hori gutxi balitz, aurkariaren aulkian dagoena bere maisua izan dela kontuan hartuta, ez dauka, ez, Xavi Pascualek lan makala Baskoniaren aurkako kanporaketari buelta ematen.

Arratsaldean, 20.45ean, jokatuko dute Baskoniak eta Bartzelonak Final Fourrean egoteko kanporaketako bigarren partida eta egia esan, arabarrek etxean jokatzen dutela esateak ere ez dirudi gehiegizkoa, bertan jokatutako azken lau partidak irabazi egin baitituzte.

Datua ez da txantxetakoa, aurtengo Euroligan inork ez baitzuen asteartera arte Bartzelonako kantxan irabazi, nahiz eta bertatik, Panathinikos, Montepaschi Siena, Real Madril edo Maccabi talde indartsuak igaro. Berlinen izateagatik elkarren aurka ari diren greziar eta italiarrek porrot itzelak jaso zituzten gainera, 90-66 eta 87-61.

Gauzak horrela, ez dirudi harritzekoa Xavi Pascualek berriki Tauk euren onetik ateratzen dituela esaten entzutea. Bartzelonak Navarro, Ilyasova edo Vazquezek eman dezaketenaren izugarrizko menpekotasuna erakusten duen bitartean, gasteiztarren artean, protagonista egunero desberdina da.

Iazko ACBko finalean, Pete Mickealek jan egin zituen eta udan fitxatzeko ahaleginek huts egin zutenez, Lubos Barton ekarri zuten Rock Islandekoa geldiarazteko asmoz.

Hegalekoak ez die horrenbesteko minik egin aurten, baina ACBko partidan Sergi Vidalek jipoitu zituen, Kopako finalerdian Splitter eta Rakocevic izan ziren protagonistak eta Euroligako azken honetan Prigionik jotako txistuarekin egin behar izan zuten dantza... Teletovic oraindik agertzeke dago eta zortzigarrena ez litzateke zenbaki txarra.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo