GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Pausoz pauso, ia berrogei urte Tafalla eta inguruko haurrak euskalduntzen

 

p004_f05.jpg


Asier VELEZ DE MENDIZABAL | TAFALLA

Oro har, ez da samurra izan ikastola askok egin duten ibilbidea, baina Tafallako Ikastolak ia berrogei urtetan zailtasun eta traba ugariri egin behar izan die aurre. Zortzi ikaslerekin eta bertakoak ez ziren irakasleekin abiatu zuen lana, eta aurtengo ikasturtean Tafallako eta inguruko herrietako 376 haur euskalduntzen ari dira bertan.

Azken aste hauetan ikasleak urduri samar dabiltza. Korrika datorren asteartean iritsiko da Tafallara eta ikastolan lanez gainezka dabiltza haur eta irakasleak. «Umeak ilusio eta gogo handiz daude egunotan. Ikastetxean, Korrikarekin zerikusia duten ekintza anitz egiten ari gara», azaldu du ikastetxeko zuzendari Rexu Urrutiak. Ohitura denez, ikastolak kilometroa erosi du herrian, eta bertan ibiliko dira korrika bizian ikasle, irakasle, guraso eta zentroko langileak. Ezustekorik ez baldin badago, lekukoa 08.45ean hartuko dute Tafallan.

Ekimena ikas orduetan izango denez, ikastetxeko zuzendaritza batzordeak ikasleak Korrikara gurasoekin joan daitezen animatu dituzte; nolanahi ere, «legea betez», zentroan gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte. «Klasera joan nahi duen ikasleak, aukera hori bermatua izango du», jakinarazi du zuzendariak. Irakasleek, bestalde, beste kilometro bat erosi dute beren kontura. Beraz, maisu eta maistrek beren tartea ere izango dute euskararen aldeko jaialdi honetan.

Urrutiak nabarmendu duenez, ikastolako haurrak «lan eta lan» dabiltza azken egunotan. «Hiru hilero ikastolan kidetza jardunaldiak egiten ditugu. Handiak txikiekin elkartzen dira eta elkarrekin hainbat ekintza egiten dituzte. Oraingoan, Korrika izan da lanaren abiaburua, eta haurrak zeharo lanpetuta dabiltza dortsalak egiten, panelak antolatzen...», goraipatu du zuzendariak. Musika irakasleak Korrikaren abestia irakatsi die egunotan, eta hala dabiltza umeak kantari eskolako pasilloetan aurrera eta atzera. Gainera, Korrikaren inguruko unitate didaktikoa lantzen aritu dira azken asteotan. Jaialdiaren funtsa ondo barneratzeko denbora ez zaie falta izan haurrei.

Beste makina bat herritan bezalatsu, Korrika Txikiak hartu zituen atzo Tafallako kaleak eta era horretan, motorrak berotzeko aukera izan zuten ikastolako ikasleek.

Zentzu horretan, Urrutiak nabarmendu du Korrika bezalako euskararen aldeko ekitaldiek bultzada handia ematen diotela hizkuntzari Tafalla aldean. «Hemen, Vascuencearen Legearen arabera, eremu ez euskaldunean gaude, eta euskara ez dago egoerarik onenean. Horregatik, horrelako ekimenak oso ongi datozkigu, biztanleen artean euskararen erabilera bultzatzeko. Horrelako ekimen gehiago egin beharko lirateke», amaitu du Tafallako Ikastolako zuzendariak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo