GARA > Idatzia > > Kultura

Ipar Uribe gailendu zen atzo bertsolari gazteen sariketako finalean

Atzo Bilboko Kafe Antzokian izandako finalean Lea Artibaiko taldeari aurrea hartu, eta Ipar Uribe ordezkatu zuten sei bertsolari gazteek bosgarrenez Bertsolari Gazteen XVII. BBK Sariketa eskuratu zuten.

p041_f01_148x080.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Bertsolari Gazteen XVII. BBK Sariketaren finala izan zen atzo Bilboko Kafe Antzokian. Martxoaren 4an hasi zen sariketak zazpi talde izan ditu lehian, eta aurten Enkarterrietako bertsolariek ere hartu dute parte aurrenekoz. Horrek, berritasun gisa, saio guztiak kanporaketak izatea ekarri du.

Finalerdietan Bilboaldea eta Arratia atzean utzi ostean, Ipar Uribe eta Lea Artibai izan genituen atzo bertsotan. Ipar Uribeko taldeak Algortako bertso eskola du ardatz, eta Leioako Vidal anaiak salbu, bertakoak zituen bertsolari guztiak. Talde indartsua izan ohi da Ipar Uribeko taldea, eta atzokoarekin bosgarrenez gailendu da sariketan (iaz bigarren izan ziren).

Lea Artibaik ere badaki txapela janztea zer den. Bera izan zen lehen sariketa eskuratu zuena, eta bidean beste hiru ere irabazi dituen arren, azken zazpi urteetan finaletik kanpo izan da (talde berritua aurkeztu du aurten).

Zazpietan hasi zen atzo lehia, oraindik erdi hutsik eta hotz samar zen Kafe Antzokian. Aurkezle lanak fin bete zituen Bernardo Mandalunizek eta epaimahaia berriz, txapelketa osoan zehar legez, Arkaitz Estiballes, Juanjo Respaldiza eta Gorka Intxaurbek osatu zuten. Sariketa taldeka jokatu da, eta eskualde bakoitza sei bertsolarik ordezkatu dute, bi adin mailatan banatuta.

Aurkezpenak egin orduko Kafe Antzokia berotzen hasi, eta ikus-entzuleak animatzen hasiak ziren guztiz bete ez zen aretoan. Hemezortzi urtera bitarteko taldeak igo ziren oholtzara lehenengo. Ipar Uriberen aldetik, hiru mutilek bota zituzten bertsoak: Inazio Vidalek, Pello Arrondok eta Imanol Uriak. Leioarra lehena, eta algortarrak ondoko biak. Azkena, geroxeago arituko zen Jone Uriaren neba.

Neska gazteak, argi

Mutikoek indartsu eta harro ekin zioten saioari, baina plazara lasaitasun handiagoz eta argiago agertu ziren Lea Artibaiko hiru neskatoak: Nerea Ibarzabal, Josune Aramendi (saioko gazteena) eta Elene Lejarzegi. Markina-Xemeingoak lehen biak, lekeitiarra hirugarrena. Parez pare jardun zuten batzuek zein besteek, eta azkenean, hiru puntu eskasen aldea lortu zuten neskek. Ipar Uribek 177 puntu lortu zituen eta, hortaz, Lea Artibaik 180.

Hemeretzi urtetik hogeita laura bitartekoen lehia izan genuen jarraian. Lea Artibai hiru morroskok ordezkatua agertu zen honakoan. Xabier Iturraspe -makulu eta guzti- (saria jaso zuen bizkaiera egokien erabili zuen bertsolaria izateagatik) eta Xabat Galletebeitia lekeitiarrak eta Eneko Arrate markinarra. Ipar Uriberen aldetik berriz, Arrate Illaro eta Jone Uria algortarrak eta Leioako Peru Vidal. Azken sariketan txapeldunorde izan genuen Ipar Uribeko taldea, Bilboaldearen kontra galduta, eta fresko eta umoretsu jardun zuten Lea Artibaikoek argi utzi zutenez, beraiek ziren faborito. Izan ere, eskarmentu handia erakutsi zuen Ipar Uribeko taldeak, eta lagunarteko giroan merezimenduz nagusitu ziren, 248 puntu lortu eta Lea Artibaikoak 219 punturekin atzean utzita. Guztira, Ipar Uribe, 425 puntu eta txapeldun, Lea Artibai, 399 eta gustura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo