GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Andde Sainte-Marie Abertzaleen Batasuneko Idazkaritzako kidea

Zapore gazi-gozoak

 

Martxoaren 1ean EAEn iragan hauteskundeen emaitzek utzitako zapore eta sentimendu gazi-gozoez nator mintzatzera...

Gaziak, kontuan hartuta hauteskunde horien testuingurua, ez direla arau demokratiko guztiak errespetatuz iragan. Nola utzi aipatu gabe hamarka mila herritarrek ez dutela ordezkari zuzenik izango Gasteizko Parlamentu berrituan? Behin eta berriz salatu beharrean gaude PPk eta PSOEk bere garaian Madrilen bozkatu Alderdien Legearen ondorio lazgarri bezain onartezinak zer nolako emaitza dakarren, ikusita gainera zer ondorio izango duen biharko gure egunerokoan, Ipar Euskal Herritik ikusita ere...

Gaziak, ikusita «makiabelen planak» azken finean aski ongi funtzionatu duela: ezker abertzale legez kanporatua bazteruta, ordezkaritzarik gabe utzita, ahalbidetu dute espainolistek Ajuria Enean agintzea... urrats handiz bidean daude behintzat! Hala eta guztiz ere, hauteskunde gauean, Aralarrek zioena oraindik gogoan eduki behar dugu denok: EAEko biztanleriak oraindik indar abertzale edo autodeterminazio eskubidearen aldeko alderdien alde bozkatzen du. Hori buruan argi eduki behar dugun heinean, argi eduki behar lukete «besteek» ere. Baina politikan ametsek leku gutxi daukate, Patxi Lopez eskasak eskura du Ajuria Eneko giltza, nahiz eta hauteskundeak galdu, nahiz eta «berdinketa teknikotik» urrun gelditu...

Gaziak, ikusita abertzale indarren zatiketek zer nolako ondorioak eragiten dituzten. Zatiketa estrukturalak agian normaltzat eta legitimotzat hartu behar dira, baina kezkatu behar gaituena da ez dela ikusten irizpide ezberdinen gaineko ikuspegi edota aliantza taktiko edo estrategikorik, geroari begirako iparrorratz bat definitzerakoan. Burutazio horrek eraman lezake pentsatzera agian Patxi Lopezen agintalditxo bat aprobetxatu beharko genukeela indar soberanista guztiok, politikoki serioski hausnartzeko, epe ertain eta luzerako helburuak (bir)definitzeko, herri ikuspegi eta erabakitze eskubide arloei dagokienez. Agian «birfundazio» hitza hitz eta kontzeptu potoloegia da, baina begi-bistakoa da presa dugula denok, denbora gure aurka doalako sentsazio bitxia dudalako, bide eta zentzu horretan, urrats xume bezain ausartak abiatzeko premia gorria dugula.

Konbentzituta nago behintzat presa hori badugula edo izan behar dugula, abertzale eta ezkerreko sentitzen garenok. Segurtamen hori oraindik azkartzen baizik ez du hauteskunde horietaz dudan sentimendu gozo bakarrak. Bakarra den heinean, ez dena tipiena haatik! Aralarren emaitza ona kontuan hartzekoa da, ezker abertzale guztiaren aldetik. Ez da zerutik erori den emaitza bat, baizik eta Aralarrek bere lanaren bidez eskuratutako emaitza merezi bezain itxaropentsua eta geroan sendotuz joango dena. Ezin uka ere Aralarren erantzukizuna Gasteizko Parlamentuan sekulakoa izango dela, jakinez ezker abertzale osoaren ahotsa, halabeharrez, islatuko dutela lau legebiltzarkideek.

Engoitik jakin badakigu ezker abertzale zibil eta politikoaren ildoa urratzea ez dela txantxetako hautua Euskal Herri osoan. Engoitik jakin badakigu inor ez dela egia osoaren jabe ere eremu horretan. Engoitik ikasten hasi behar genuke ere ezker abertzale politiko eta berritu bat posible dela erakusten ari zaigula Aralar. Agian akatsak eginez noski, baina eraginkorki asmatuz ere bai!

Zentzu horretan, Abertzaleen Batasuneko Biltzar Nagusitik bozkatu dugun Aralarrekiko elkarlanak urra lezake perspektiba interesgarririk, ezker abertzale berritu baten eremua zabaltzeko eta sakontzeko bidean. Arazo estrategiko guztiak bertatik konponduko direnik, ezta pentsatu ere! Lan ildoa ez da, ez dugu, txarra eta bidelagunak beharrezkoak izango dira, ezker abertzaleko eragile soziopolitiko, ekonomiko eta kultural ezberdinetaraino hedatzea baitezpadakoa izango baita gure herriaz, Euskal Herriaz, herri burujabe eta sozialki orekatu batez dugun ikuspegi politiko berritu eta eragingarria aktibatzeko. Zentzu horretan ere, garrantzitsutzat jo daiteke Arnaldo Otegiren deiadar ozena ezker abertzale zabal eta eraginkor baten aldekoa, jakinda aspalditik denok aldarrikatzen dugun eraginkortasuna, ekinbide berritu eta kultura politiko asmatzaileek baizik ez dutela oinarrituko.

Desafio politikoa hain dugu handia ezen zerbaitetik hasteko ordua baita. Ezker abertzale plural horretan eragile bakoitzak serioski erronkak birplanteatzeko nahikari benetakoa agertzen badu, molde batez edo bestez, seguru izan behar dugu agian luze gabe, biharko desafioei begira, Euskal Herri osoko ezker abertzale berritu bat, ezker abertzale soilik zibil eta politiko bat, bere baitan duen sekulako giza eta politika potentzialtasuna erakusteko gai izango dela. Orduan bai gozoak gaziari gaina hartuko diola!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo