GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herrikoa

Abadiñoko taldeak eraman du geratzen zen txapela ere

Bizkaitarrek bigarren amaitu zuten azkeneko jardunaldia, baina nahikoa izan zen garaipena erdiesteko.

p038_f01_148X108.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Abadiñok jantzi du 560 kiloko txapela, nahiz eta azkeneko jardunaldian bigarren amaitu zuen Berriozarren atzetik, baina hori nahikoa izan zuten txapela bereganatu ahal izateko.

Bizkaitarrak lehen postuan ekin zioten azkeneko jardunaldiari, baten aldea kentzen zion Amaiurri, eta bi Berriozarri. Bizkaitarrez gain, bi talde nafarrek ere bazuten garaipena erdiesteko aukerarik. Orain arteko pisuetan ez bezalako neurketak ikusi ahal izan ziren Elizondoko saioan.

Berriozarrek irabazi zuen azkeneko saioa, tiraldi guztiak bereganatuz. Abadiñok, ordea, bigarren amaitu zuen, Berriozarrekin galdu, eta gainerako tiraldi guztiak irabazita. Hori nahikoa zuen Euskal Herrikoa bereganatzeko, eta horixe egin zuen.

Amaiurrek ere bazuen txapela lortzeko aukerarik, baina hirugarren amaitu zuen. Aurreko biekin galdu egin zuen, eta Baiona eta Ñapurrak mendean hartu bazituen ere, ezin izan zuen hirugarren postua gainditu, eta sailkapen nagusian ere hortxe amaitu zuen.

Jardunaldi honetan, azkeneko postuan berdinketa izan zen Baionaren eta Ñapurrak-en artean. Aurreko talde guztiekin galdu egin zituzten tiraldi guztiak, eta beren artean, berriz, berdindu egin zuten, eta horrela amaitu zuten saioa.

Azkeneko jardunaldian, beraz, Berriozar izan zen nagusi, 5 punturekin; bigarren Abadiño, 4rekin; hirugarren Amaiur, 3rekin, eta azken postuan berdinduta geratu ziren Ñapurrak eta Baiona, 1,5 punturekin.

560 kiloko sailkapen nagusia, honela geratu da: lehenengo eta txapeldun Abadiño, 13 punturekin; bigarren Berriozar, 12rekin; hirugarren Amaiur, 11rekin; laugarren Ñapurrak, 5,5 punturekin, eta azken postuan, berriz, Baiona geratu da, 3,5 punturekin.

Honekin amaitu da goma gaineko lehiaketa, eta bi izen nagusi izan dira. Mutiletan Abadiño eta nesketan Badaiotz, biek irabazi baitituzte txapel guztiak. Mutilen kasuan bizkaitarrak jaun eta jabe izan dira 680, 640 eta 600 kilotan, aurkariei koska dezentea kendu diete, baina 560 kilotan arazo gehiago izan dituzte, nahiz eta azkenean txapelak ez dieten ihes egin.

Nesketan, berriz, Badaiotzek gainerakoei koska bat kentzen die, eta erraz jantzi du txapela.

Berririk txarrena, berriz, parte hartu duten talde kopuruari buruzkoa izan da. Gutxi izan dira, eta dudarik gabe kezkatzeko arrazoiak egon badaude.

Orain atsedentxo baten ostean, lur gaineko lehiaketa abiatuko da, eta ezuste handirik ez baldin bada, hor parte hartuko duten taldeen kopurua ez da handia izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo