Harri-jasotzea Etxauri Harria lehiaketa
Aimar Irigoienek erraz lortu du garaipena, eta Ostolatzaren marka berdindu du
J.L. | DONOSTIA
Aimar Irigoienek irabazi zuen Etxauriko harriarekin jokatutako lehiaketa, 136,5 kiloko harri berezia 13 aldiz jaso ostean. Bigarren sailkatu zen Bertizi sei jasoalditako aldea kendu zion.
Etxauriko harri baldar honekin aritzeko bost minutuko txanda bana zuten bertan parte hartu zuten hiru kirolariek. Errezildarra zen irabazteko faborito nagusia, baina jendeak marka onduko ote zuen jakin nahi zuen. Atzo arteko marka Ostolatzak zeukan 13 jasoaldirekin, eta atzo Aimarrek hori berdindu egin zuen. Hamalaugarrena ere lortu zuen, baina epaileek usteltzat jo zuten, eta 13rekin konformatu behar izan zuen. Ostolatzak zuen marka berdindu egin zuen horrela.
Bigarren Bertiz sailkatu zen. Nafarroako txapeldunarengan itxaropen handia dago jarria, eta lan polita egin zuen, bost minututan zazpi aldiz berdindu baitzuen harria, nahiz eta gipuzkoarrarengandik oso aparte geratu zen. Hala ere, iaz baino lau jasoaldi gehiago eman zizkion atzokoan.
Dena dela, ezustea Josetxo Urrutiak eman zuen. Bera behin baino gehiagotan aritu da. Lehiaketa hau irabazitakoa ere bada. 2005ean bederatzi jasoaldi eman zizkion, eta iaz ere berak irabazi zuen, sei jasoaldi emanda.
Atzokoan, ordea, ez zuen harria behin bakarrik ere bizkarrean berdindu. Ahalegin faltarik ez zuen izan, era guztietara saiatu zen, baina bost minutu pasata ez zuen harria behin ere berdintzea erdietsi, eta sailkapeneko azkeneko postuan amaitu zuen.