Hernaniko Gazte Egunera joateko gonbidapena egin dute
GARA |
Gazte independentistek datorren larunbatean Hernaniko Gazte Egunean parte hartzera animatu nahi dute jendea. Inoiz baino garrantzitsuagotzat jotzen dute «azkeneko erasoen aurrean indar erakustaldi bat egitea». Bide batez, apirilaren 10etik 12ra Amaiur eta Garazi lotuko dituen martxara joateko deia ere egin zuten.
Hernaniko festako egitaraua ekitaldiz beteta dago: eguerdian txupinazoa, karaokea, bertso- poteoa eta barrikote herrikoia izango dira; Rockerrenak, Bisai eta Amaiur taldeek berotuko dute arratsaldeko giroa; eta gero, DJ Bull-ek jarriko du musika goizaldera arte. Gainera, egun osoan txosna zabalik egongo da. Ekintza guztiak Ezkiaga pasealekuan egingo dituzte eta bazkarirako txartelak Garin tabernan salduko dituzte, baita egunean bertan ere.
Elorrion dagoeneko egin dute Gazte Eguna. Larunbatean izan zen eta hainbat gauza egin zuten: gaztetxe eta gazte asanbladen egoera aztertu zuten, eskualdeko 200 lagun inguru elkartu ziren bazkarian, gaztetxeen aldeko eta AHTren kontrako manifestazioa egin zuten... Ekainean Otxandion elkartuko dira eta bitartean gaztetxe musika-birak eta bestelako ekimenak izango dituzte.