Osinalde sariketako finalerako sailkatu ziren atzo Maddalen Arzallus eta Odei Barroso
GARA | ORDIZIA
Atzo gauean jokatu zen bertsolari gazteen Osinalde sariketako lehen kanporaketa Ordiziako Argi-Berri elkartean, eta Gipuzkoa zein Lapurdiko bertsolari gazteen jardunaz gozatzeko asmoz adin guztietako jendea bildu zen bertara.
Epaileen puntuazioaren arabera, Maddalen Arzallusek eta Odei Barrosok eskuratu zuten apirilaren 25ean Gabirian jokatuko den finalerako txartela. Entzuleentzat aldiz, bertsolaririk gustukoena Oier Aizpurua izan zen, eta ondorioz berak eskuratu zuen XII. Argi Berri saria.
Sei bertsolari izan ziren atzo lehian: Kristiñe Txoperena (Hendaia), Maddalen Arzallus (Hendaia), Odei Barroso (Urruña), Oier Aizpurua (Zarautz), Hodei Iruretagoiena (Zarautz) eta Beñat Iguaran (Amasa-Villabona). Igor Eguren gai-jartzailearen esanetara kantatu zuten gazteek, eta koplak botatzeko, Josu Albisu eta Aiora Gorostizuren trikiti eta panderoa izan zituzten lagun.
Saio puntuagarriarekin amaituta, bertsolarien lana eskertze aldera, Juan Mari Gereñuk, Argi-Berri elkarteko presidenteak, «Irriz eta Malkoz» izeneko bertso bilduma bana eman zien sei gazteei. Entzuleek aukeratutako bertsolari gustukoenak, Oier Aizpuruak, Joxe Antonio Mujika eskultoreak egindako «Txikia saria» jaso zuen Gereñuren eskutik. Lazkao Txiki zenaren ezizena hartzen duen eskultura da «Txikia saria», eta Txindoki, egurra eta arbela uztartzen ditu.
Datorren ostiralean, apirilaren 3an, Idiazabalgo Axari elkartean jokatuko da Osinalde sarirako bigarren kanporaketa. Bertan jakingo dira Maddalen Arzallus eta Odei Barrosorekin batera hilaren 25ean Gabiriako Osinalde elkarteko finalean izango diren beste bi bertsolari gazte sailkatuen izenak.