GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Korrika zuzenean bizitzeko aukera, Infozazpiren eskutik

Martxoaren 27an Tuteran abiatu eta apirilaren 5ean Gasteizen bukatu, martxan dugu Korrika. Eta egunero-egunero lasterketarekin bat egin eta bertako giroaren berri izateko eta gozatzeko aukera eskaintzen digute Infozazpi eta Eguzki irratiek, zuzeneko konexioen bidez.

GARA | GASTEIZ

Egunero-egunero, eta goizean goizetik hasita, lasterketarekin bat egingo du Infozazpik, eta modu horretan bertako giroa uhinen bidez Euskal Herriko txoko guztietara zabalduko du.

Bi berriemaile berezi izango ditu irratiak Korrikan bertatik bertara. Martxoaren 26tik apirilaren 5era, goizean goiz hasita, eta laurden guztietan, irratiak bat egingo du euskararen aldeko lasterketa erraldoiarekin berau zuzenean emateko. Inder Bhatti eta Gotzon Elizburu kazetariek une horretan lasterketa non dabilen, bertan bizi den giroa, lekukoa nork daraman, eta hurrengo hitzorduak zein izango diren kontatuko dute.

Euskarak tokian-tokian bizi duen egoerari ere egingo diote tartea konexioetan. Gure hizkuntza indartzeko eta berreskuratzeko isilean burutzen ari diren egitasmoak argitara aterako dituzte, eta protagonista ezezagun horiei mikrofonoa eskainiko diete. Horrela, euskararen eta Euskal Herriaren erradiografia egiten saiatuko dira.

Korrikaren lehen pausoen eta azkenen karietara, berriz, saio bereziak eskainiko ditu Infozazpik. Esaterako, iragan ostegunean Tuterarekin bat egin eta zuzenean eman zuten Korrikaren abiatzea.

Eguzki irratia

Bestalde, asko dira Korrikaren berri zuzenean emango duten hedabideak. Eguzki irratiak, esaterako, zuzeneko konexioak egiten ditu astelehenetik ostiralera 18.00ak eta 20.00ak bitartean, eta irratsaio berezia egin zuen iragan martxoaren 28an, Korrika Iruñera heltzen zela baliatuta. Kanaldude-k, berriz, Korrikari buruzko erreportaje berezia emango du gaur.

NONAHI DIRELA ERE

Egunero-egunero, goizeko zortziak eta laurdenetan hasita, euskararen aldeko lasterketarekin konexioak egingo dituzte, non dabilen, giroa eta antolatzaileen oharrak zabaltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo