Berezkoen Binakakoa
Sorhuet eta Etxeto finala jokatzetik oso gertu daude
40 eta 37 irabazi zieten egungo txapeldunei, Ibarrolari eta Ozafraini alegia, eta geratzen zaizkien bi partidak ustez errazenak izango dira.
Jon LEUNDA| ARRANGOITZE
Sorhuetek eta Etxetok Binakako Txapelketako finala jokatzeko urrats garrantzitsua eman zuten atzo, egungo txapeldunak, Ibarrola eta Ozafrain, 40 eta 37 mendean hartu ostean. Larretxeak eta Waltarik, berriz, oso zaila izango dute, baita finalerdietan sartzea ere, atzokoan berriro ere galdu egin baitzuten. Oraingoan, 40 eta 25 egin zuten, Etxeberriren eta Harizmendiren aurka.
Bigarren partida izan zen atzokoan onena. 80 minutu iraun zituen eta Sorhuetek eta Etxetok 40 eta 37 irabazi zuten. Horiek jokatutako biak irabazi dituzte, eta ustez partidarik errazenak geratzen zaizkie jokatzeko. Atzokoa partida bikaina izan zen, Ibarrolak eta Ozafrainek ere norgehiagoka ona eskaini baitzuten.
Berdinketa ugari izan ziren, bietako edonork irabazteko moduko partida izan zen, baina azken txanpara freskoago heldu ziren Sorhuet eta Etxeto, eta horrek garaipena eman zien. Gakoa 36-30ekoan egon zen. Irabazleek sei kintzetako aldea lortu zuten. Gero, Ibarrolak eta Ozafrainek 7-1eko partziala lortu zuten, eta ahalegin hori ordaindu zuten amaieran.
Norgehiagoka honela egin zuen aurrera: 1-1, 5-11, 15-15, 20-20, 26-21, 26-26, 28-28, 32-28, 36-30, 37-37 eta 40-37. Sorhuetek 7 kintze egin zituen hasierako jokaldiari esker, eta hiru gehiago Ibarrolak.
Ahulagoa
Lehen partida ahulagoa izan zen. Bertan Etxeberrik eta Harizmendik 40 eta 25 irabazi zioten Larretxeari eta Waltariri 62 minututan. Emaitza honek asko zaildu die etorkizuna Larretxeari eta Waltariri, jokatutako bi partidak galdu baitituzte. Ligaxka honetarako lehenengoak finala zuzenean jokatuko du, eta bigarrenak eta hirugarrenak finalerdia jokatu beharko dute elkarren aurka. Beste bi bikoak kanpoan geratuko dira.
Partidako lehendabiziko zatia orekatua izan zen, baina 22-22 berdinduta egon ostean apurtu zen. Garaileek 7-1eko partziala lortu zuten, eta galtzaileek etsi egin zuten. Larretxea eta Waltari pilotari handiak dira, baina markagailuan atzetik baldin badira, azkar etsitzen dute, eta atzo ere horrelaxe gertatu zen. Hortik aitzinera, Etxeberrik eta Harizmendik bidea errazagoa izan zuten.
Waltarik lehen jardunalditik hobekuntza nabarmena erakutsi zuen atzokoan, baina berriro ere partida handia egin gabe. Atzokoan ere tanto ugari galdu zituen, batez ere bigarren zatian. Larretxea, berriz, lauretako ahulena izan zen. Etxeberrik, eta Harizmendik lan ona egin zuten, eta biak aritu ziren maila oso onean, eta amaieran merezita irabazi zuten.
Markagailuaren bilakaera honakoa izan zen: 1-1, 2-2, 6-10, 14-14, 19-19, 22-22, 23-30, 24-36 eta 25-40. Larretxeak bost kintze egin zituen hasierako jokaldiari esker, eta hiru gehiago egin zituen Herve Etxeberrik.