GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Lapurdiko herrietako administrazioak euskalduntzeko ikastaroak ematen ari da AEK

Administrazioa euskalduntzeko ikastaroak egiten ari dira Lapurdiko hainbat herritan. «Hizkuntza administrazioan sartuz, ofizialtasuna ematen zaio», nabarmendu dute AEK-ko eledunek.

Ainize BUTRON | BAIONA

Lapurdiko herri gehienak lotu dira azken urteotan administrazioetan euskararen presentzia ziurtatzeko ahalak eskuratzen. AEKren bidez, lan arloari loturiko ikastaro berezituak eskainiak zaizkie. «2003. urtean abiatu genuen lan arlo berezi bat langileek zerbitzua euskaraz eskaini ahal izateko ikastaroak emateko. Esperientzia pilotua egin genuen bost herrirekin», argitu zuen Amaia Beyrie arlo horren eramaileak.

Esperientzia batekin hasitakoa, Lapurdiko herri guztietara zabaltzen hasi da, eta gaur egun hogei bat herritako herriko etxeetako berrehun langile daude egitasmo horren baitan. Baionatik hasi eta Uztaritze, Larresoro, Jatsu, Makea, Sara, Ainhoa, Ahetze, Hendaia, Getari, Senpere, Kanbo, Ziburu eta Urketa lotu dira ekimen horretara. «Gure lana herriko etxeetan sortu diren euskara teknikarien bidez erraztua izan da», gaineratu zuen Beyriek. Administrazioan zerbitzua euskaraz eskaini ahal izateko lan gaitasun bat ematea da ikastaroaren helburua, eta geroan, euskal hiztunei herriko etxeetan euskaraz hitz egiteko aukera ematea du xede.

«Euskara ez da ofiziala, baina, hizkuntza administrazioetan sartuz, `de factozko' ofizialtasun bat ematen dio», nabarmendu zuen AEKko ordezkariak.

Itsasu euskalduna

Lan horren emaitzak jada ikus daitezke. Itsasuko Herriko Etxean, esate baterako, hiru langile dira, eta guztiek ikastaroak eginak dituzte. «Herri horretan, Saran bezala, zerbitzu osoa euskaraz emateko gaitasuna dute», esan zuen Beyriek. Baionako Herriko Etxeko adibidea ere eman zuen AEK-ko ordezkariak, bertako hogeita hamar langilek ikastaroak abiatuak baitituzte. «Gehienetan ikastaroak hasten dituztenak harrera lanetan aritzen direnak dira. Hau da, publikoarekin edo haurrekin harremanetan dira», nabarmendu zuen, berriz. Horrela, harrera guneetako langileekin batera, liburutegi, animatzaile lanetan, haurrekin harremanetan edo mediteketan diharduten langileak ukitu dituzte dagoeneko. «Hurbildu zaizkigun batzuek euskara bazekiten, baina, ez zekiten baliatzen ahal zutenik. Proposamena herriko etxetik heltzeak hizkuntzaren balioa handitzen du», erran zuen Beyriek.

Herriko etxeekin batera, Kontseilu Nagusiko langile batzuek ere ikastaro horiek hasi dituzte. Enpresa pribatuek ere hartzen dute parte, Lyonnaise des Eaux eta Fagor SEI kasu. «Bi ikastaro mota dira: bata lanbideari berezitua, eta bestea, arrunta, hots, langileen nahien arabera egiten dena», bukatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo