GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

«Buruz Burukoa prestatzeko denbora asko eduki dut, eta hori ez da batere seinale ona»

p038_f01.jpg

Pedro Martínez de Eulate

Pilotaria

Duela zortzi urte profesionaletan debuta egin zuenetik (2001eko martxoaren 2an), Pedro Martinez de Eulateren ibilbideak gorabehera handiak izan ditu. 2006ko eta 2007ko Binakako Txapelketak segidan irabazita jo zuen goia atzelari nafarrak, baina azkenaldian nahi baino partida gutxiago jokatzen ari da. Buruz Buruko Txapelketan berriz ere lehen kanporaketa gainditzea da bere helburua.

Asier AIESTARAN |

Bere ibilbideko unerik gozoenak bizi ez arren, beti bezain jator erantzun dio Eulatek GARAren deiari. Argi hitz egiten duen mutila da eta burua beti bere lekuan izan duena.

Zer moduz joan da material aukeraketa?

Ez da inolako arazorik egon. Biok nahikoa azkar aukeratu ditugu gure gustuko pilotak. Berari egokitu zaio aukeratzen hastea eta gero nire txanda izan da. Nik frontisetik irteera gehiago duen materiala hautatu dut, bote handiagoa duen pilota klasea. Batez ere Berasaluze aurrelaria delako eta frontisetik ahalik eta urrunen edukitzen saiatu behar dudalako. Eta berak material baxuagoa aukeratu du, nahiz eta bi pilotetatik bat lurrean asko ibiltzen den, suposatzen dut sakea aprobetxatzen saiatzeko, zalantzarik gabe bere armarik onena.

Asier Berasaluzek jokatzen duenean beti berdina aipatzen dugu. Errepikakorra iruditu dezakeen arren, bere sakeak errespetua sartzen du.

Argi dago bere armarik indartsuena dela. Ondoen sakatzen duen pilotaria da, eta sake-errematea ongien baliatzen duenetako bat. Ni saiatuko naiz ahalik eta gehien piloteatzen, frontisetik ahalik eta urrunen edukitzen, eta aukeratu ditudan pilotak horretarako dira. Baina egia da bere aukerak baliatzen baldin baditu aurkari oso arriskutsua izango dela.

Ez dizugu binakako partida askorik ikusi azkenaldian. Buruz Burukora sasoi onean iristen al zara?

Egia esateko azkenaldian ez ditut partida gehiegi jokatu binaka eta buruz buru entrenatzeko aukera izan dut. Bospasei entrenamendu egin ditut eta nik uste apurka-apurka hobetzen joan naizela. Uste dut aurreneko neurketa irabazteko aukerak baditudala eta itxura txukuna ematen saiatuko gara. Eskuetatik ongi gabiltza eta hori ere bada zerbait.

Entrenamendu horietan zerbait lantzen al duzu bereziki?

Atzelaria izanda, gehien lantzen duzuna sakea da, eta aurrean tantoa amaitzeko jokaldiak ere bai. Piloteatzen eta sakeak eramaten ohituta gaude, urte osoan besterik ez dugu egiten.

Jendeak urtero zalantzak izaten ditu zu bezalako atzelari garai bat buruz buru ikustean, baina aurreneko kanporaketa gainditu duzu azken bi urteetan Zubieta eta Laskurainen aurka.

Ez da inor engainatu behar. Nik badakit ez dudala inoiz txapela irabaziko, baina gerra apur bat eman dezaket aurreneko kanporaketetan. Atzelaria naiz, piloteatzen badakit, eta niri irabazi nahi didanak lana egin beharko du, gutxienez. Neurketa bat irabazten badut, ongi, bi badira askoz hobeto.

Zeanuriko pilotalekuari zer itxura hartzen diozu?

Asperekin nabilenetik askotan jokatu izan dut Zeanurin. Urtero bi edo hiru jaialdi ospatzen dira bertan eta enpresak askotan sartu izan nau egitarauetan. Urrutirago joan gabe, iazko Buruz Buruko Txapelketan Zubietaren kontrako norgehiagoka Zeanurin bertan jokatu nuen. Ez da pilotaleku azkar-azkarra, motel antzekoa, agian, baina kasu honetan, Asier Berasaluzeren kontra jokatzeko, hori ongi etorriko zaidala uste dut.

Beste urte batzuetan Binakako Txapelketa amaierara arte bizi izan duzu, finaleraino iritsiz, baina aurten ez da halakorik gertatu. Prestatzeko denbora gehiago izateak aldatzen al du Buruz Burukoari heltzeko modua?

Nahiago nuke Buruz Buruko Txapelketa prestatzeko denbora gutxi eduki izan banu. Seinale ona litzateke hori, eta zer esanik ez, Binakako Txapelketako finala jokatu izan banu. Binaka lan ona egiteak Buruz Burukoa askoz presio gutxiagorekin hartzeko aukera ematen dizu. Baina hori ez da posible izan eta orain beste lehiaketa honetan dena ematen saiatuko naiz. Prestatzeko denbora izatea ez da txarra, baina entrenamendurik onena binaka jarraikortasunez jokatzea izaten da eta, zoritxarrez, hori ez dut lortu azkenaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo