GARA > Idatzia > > Kultura

Lagun arteko bertsolaria

Hamabi edo hamahiru urte zituela Baserrik eta Uztapidek Aizarnan kantatzen zutela entzun eta bakar-bakarrik joan zen hara, eta egun osoa pasatu zuen haiei entzuten

Joxean AGIRRE

Garai hartako bertsolari gehienak bezalaxe, lagunartean kantuan ikasitakoa zen eta hori da gaurko bertsolari askorengandik gehien bereizten zuena. Mitxelenak «iturriko bertsoa» eta «depositukoa» bereizten omen zituen eta Joxerenak denak ziren iturrikoak.

Beste garai batzuk ziren. Joxek berak kontatzen zuen nola 12 edo 13 urte zituela Baserrik eta Uztapidek Aizarnan kantatzen zutela entzun eta bakar-bakarrik joan zen hara, bera bizi zen baserritik ordubeteko bidea dagoen arren. Goizeko saioa entzun eta bertsolariak bazkaltzera joan ziren tabernan sartu zen eta han bazter batetik begira egon omen zen, arratsaldeko saioa entzutearren. Hamabi urteko mutiko hari ez zitzaion inolaz ere burutik pasatu egunen batean bi bertsolari handi horiekin kantatuko zuenik. Uztapiderekin eta Baserrirekin askotan kantatu zuen. Uztapide izan zen gaztetan bere eredu. Urteak joan ahala gaupasa batzuk egin zituen berarekin. Joxe Lizasok Uztapideri buruz kontatzen zituenak, gaueko ibiliak batez ere, ederrak bezain harrigarriak izaten ziren, lekukotasun hurbilagorik bilatzen zaila baita. Bere ondoan suertatu zen Anoetako frontoian Uztapideri ondoeza eman zionean ere. Joxeren ondoan zegoen. Mikrofonora hurbildu eta atzera eserlekura itzuli omen zen. Joxeri aitortu zion zer gertatzen zitzaion. Ezpainetan kalanbreak zituela esan zion. Joxek eraman zuen etxera. Uztapidek mututurik egin zituen hilabeteak. Joxe bisitan joan zitzaion batean esan zuen lehen hitza «ardoa» izan zen, emazteari agintzen zion adiskideari ardoa ateratzeko. Geroztik idatzi zuen «Lengo egunak gogoan».

Joxe Lizaso ere mutu geratu da eta tamalez ez dugu gehiago haren jardun dotorea entzuteko aukerarik izango, berarekin eraman baititu hainbat eta hainbat kontu erdi ezkutuko, hainbat eta hainbat kontu eder.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo