GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Korrika 16

Asko lotan direnean bidean aurrera doa Korrika gau ilunean

Imajina ezazue gau ilun-ilun bat. Eta bat-batean bi furgoneta, musika bizi eta alaia, foku eta koloretako argi batzuk, eta pertsona talde bat korrika, tarteka oihuka eta saltoka. Korrika 16 honek ez du etenik eta, beraz, gau ilunean ere aurrera darrai, «euren» korrikaldi konprometituarekin.

p018_f03.jpg

Amaia ZURUTUZA

Korrikaren ezaugarri nagusietako bat da ez dela une batez ere gelditzen abiapuntu duen herritik atera eta helburu duen herrira iritsi arte. Beraz, gau ilunean, asko eta asko lotan direnean, badira, hamar egun hauetan, hor zehar korrika ari direnak, lekukoa eskuz esku Gasteizeraino eramaten.

Atzokoan, Korrikaren iparra markatzen duten furgonetan pasa genuen gaua. Gau lasaia, momentu politez beterikoa. Gauerdia pasata Arabako Eltziego herria atzean utzi, eta Navaridas herrirako bidean zen Korrika. Hortik aurrera herri mordoa zeharkatu zituzten korrikalariek eguna argitu arte, zazpi bat ordutan zehar, iluntasuna nagusi, Korrikako furgonetek bidea argitzen zuten bitartean. Izan ere, furgonetako bozgorailuetan une oro entzuten den musikak alaitu eta goxatu egiten du gaueroko bidea, baita bertatik korrikalariekin hizketan aritzen diren Korrikako kideek ere.

Korrika, beraz, hamaika herritan barrena ibili zen atzo goizaldean. Lezan eta Urizaharran, tartean Herrerako gaina pasata, 1.100 metrora; 03.30 aldera Trebiñuko konderrian; 05.00etan konderriko hiriburuan, Trebiñun, 40 bat lagunen parte hartzearekin; baita Añastro, Argantzun, Villaluenga, Lasierra, Anuzita nahiz Pobesen. Eta herri horietako hainbat eta hainbat bizilagunek euskararekiko konpromisoa islatu zuten, herrietan bertan eta baita herri txikiz osaturiko zonalde askotan herritik herrira izaten diren bide luzeetan barrena ere hankak astinduz. Uneren batean elur bustia ere jasan behar izan zuten, eta tira, hotza dezentekoa zela esan daiteke.

Baina protagonistak, korrika aritu zirenak, indartsu etorri ziren eta pozik ibili ziren, euskararen aldeko oihuekin gaueko isiltasuna apurtzen. Urizaharran, 80 biztanle inguruko herrian, 20 bat batu ziren martxara 01.30 aldera. Korrikaren 1.300. kilometroan, 10 kideko lagun taldea lagun, Urkok hartu zuen lekukoa, eta ondoren Nataliak, eta aurrerago Andonik. 02.30 ziren musika Urizahar herrian murgildu zenean. Zortzi urteko Haizeak hartu zuen lekukoa ondoren, eta kementsu egin zuen korrika amarekin eta bere bizilagun ugarirekin. Egoitzek hamasei bat kilometro egin zituen bizikleta gainean eta Armentiako Bentetan, 03.00ak aldera, agurtu zuen Korrika. 1305. kilometroa Gurutze eta Irati, ama-alabek, burutu zuten lekukoa eskuan, beti ere atzetik zetorren taldea lagun.

Urizaharra atzean utzi, eta Trebiñuko konderrian sartu zen euskararen aldeko martxa 1.306. kilometroan. Raul, Lainokoa, Patxi, Trebiñukoa, eta Iker, Burgetakoa, Trebiñuko Udaleko langileak hirurak, batu ziren furgonetaren magalera. Patxi eta Ikerrek Trebiñu osoa zeharkatu zuten, 23 kilometro guztira, «bi urtean behin egiten dugu», zioten. 1.311. kilometroan hiru argantzundar batu ziren taldera, eta hurrengo kilometroan beste bi, Pablo eta Rober. 1.315. kilometroan Celia, talde independenteko kide eta AEKko ikasleak hartu zuen lekukoa. 04.00ak aldera, berriz, El Cerro elkarteko bost kide gehitu zitzaizkion taldeari, eta 1318. kilometroan Trebiñuko alkatea.

Gillermo ere Korrika aritu zen eta bere lagunek bertsolaria zela zabaldu arren, ez zuen bertsorik bota nahi izan. Hiru durangar ere tartean ibili ziren. Tuyon, 1.330. kilometroan Izquierda Mirandesa aspaldiko alderdiko hiru kidek hartu zuten lekukoa. DYAko langilea ere anbulantziatik jaitsi eta korrika aritu zen, Tuyoko bizilaguna baitzen. 05.3oean hiru txirrindulari eta bi korrikalari ziren bidean barrena. 1.333. kilometrora Miranda de Ebrotik iritsi zen ordezkaritza, Rafa, Andoni eta Txemaren eskutik. Baita Peio ere, Astindu gazte taldeko ordezkari gisa. 06.00ak pasatxo ziren 1.336. kilometroan Anuzitako Jose Ignazio eta Kontxi azaldu zirenean; ondoren etorri ziren Pobesko Lukas; Vanesa eta Josune, Ekialde institutukoak; Iñigo Langraitz institutuko langilea; Kepa, Rosa eta Haritz; Añanako Asun... Eta mezu nagusi bat denen ahoan, «hemen gaude euskararen alde!».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo