Xanti Begiristain Madotz Iruñea
Adibide eredugarri bat
Garraldako Apatena etxean, zaharberritze lanak egin eta igogailua jarri zutenez geroztik, hiru aldiz izan gara bisitan azken hilabete hauetan, eta aitortu beharrean nago denetan txundituta gelditu naizela Kontxesi Pedroarena adiskidearekin, ikusita nola zaintzen duen amatxo xaharra.
Izan ere, Bixitazion izeneko amatxo dagoeneko urtetan sartuta dago eta nahiko elbarriturik. Bere mundutxoan bizi da, eguna eserita ematen du besaulki batean. Ia-ia beti aldarte onean egoten da. Kontxesik euskal abeslarien kanta goxoak jartzen dizkio eztiki, eta Bixitazion hantxe aritzen da ahapetik kantatzen, irribarretsu, eta hankekin erritmoa markatzen.
Beti harrituta eta txoratuta gelditu izan naiz ikusita Kontxesik zeinen goxotasunez, samurtasunez eta maitasunez zaintzen eta tratatzen duen ama. Hitz egin ere berebiziko pazientziaz hitz egiten eta azaltzen dizkio gauzak, batere urduritu eta asaldatu gabe; niretzat nahi nuke gaitasun bikain hori, alajaina!
Pertsona ospetsu batek zera esan omen zuen: «Maita ezazu senidea zure arima bezala, zain ezazu zure begi-ninia bezalaxe». Horrexegatik pentsatzen dut norbaitek bere senideak Kontxesik baino hobeki zaintzen baldin baditu, ez dituela batere gaizki zainduko, ez horixe. Bejondeiola Kontxesiri!