Dispertsioak iraun arren, politikoki «porrot» egin duela diote preso ohiek
Hogei urte joan dira PSOEk euskal presoak sakabanatzeari ekin zionetik eta urtemuga honen karietara, dispertsioa lehen pertsonan sufritu duten preso ohiek hitza hartu eta politikoki «porrot» egin duela adierazi zuten. Sakabanaketak sufrikario ugari eragiten duela ezkutatu gabe, bere azken xedea Kolektiboa «suntsitzea» dela gogorarazi, eta horretan «kale egin» duela esan zuten. Presoek gainera, sakabanaketari «duintasunez» aurre egin izana txalotu zuten.
Oihana LLORENTE |
Bi hamarkada luze igaro dira Aljerko negoziazioak amaitu zirenetik; eta beste hainbeste, euskal preso politikoak beren se- nideengandik eta beren aberritik urruntzeko sakabanaketa politika indarrean jarri zenetik. Urtemuga honen karietara, amnistiaren aldeko mugimenduak dispertsioa jasan duten makina bat preso ohi bildu zituen atzo Donostian, espetxe politikaren «aurpegirik ankerrena» irudikatzen duen sakabanaketak eragiten duen sufrimenduaz ohartarazteko.
Hogei urteren buruan dispertsioak amaiera izan dezan, gizartearen presioa ezinbestekoa dela nabarmendu zuten, eta dispertsioaren kontra eta euskal preso politikoen eskubideen alde mobilizatzera deitu zituzten herritarrak. Horren harira, datorren apirilaren 17an, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean, euskal presoak Euskal Herriratzearen alde amnistiaren aldeko mugimenduak antolatuko dituen ekimenetan parte hartzeko gonbita egin zuten preso ohiek.
Donostiako agerraldian bildutako emakume eta gizon askok urteak eman dituzte Estatu espainoleko eta frantseseko espetxeetan, beren herritik makina bat kilometrora eta bestelako euskal preso politikoengandik erabat isolatuta. Sakabanaketa politika, gertu-gertutik ezagututa beraz, euskal preso politikoek osatzen duten kolektiboa «zatitu eta suntsitzeko» helburuz diseinatu zutela salatu zuten aho batez; «presoa eskubiderik gabeko subjektu bihurtuz eta pertsona gisa bera suntsitzea bilatuz», gaineratu zuten.
Maite dituzten senide eta lagunengandik milaka kilometrora aldentzeak eta gainerako euskal presoengandik banantzeak presoak Euskal Herriko bizitza politikotik alboratzea du xede nagusi preso ohiek esandakoaren arabera.
Horrez gain, dispertsioak «espetxe barruko bizi-baldintzen gogortzea» ekarri duela adierazi zuten, baita preso politikoa bera bakartzea ere. Sakabanaketak euskal presoen arteko komunikazioa «oztopatu» eta eragiteko duten gaitasuna «baldintzatu» duela aipatu zuten. Horrek guztiak gainera, preso politikoen «izaera kolektiboaren ahultzea» du helburu beren hitzetan.
Bi hamarkada hauetan sakabanaketak eragindako sufrikario guztiak ez zituzten ezkutatu agerraldian; ondorio horiek gainera, «barruan zein kanpoan dauden pertsonek» jasan behar dituztela salatu zuten.
Zerrenda luze horretan, espetxean hildako euskal presoak eta haien senideak izan zituzten gogoan. Baita sakabanaketak eragindako auto istripuak, bakartzeak, osasun laguntza eza, komunikazio eza, inpunitateraren areagotzea, etengabeko lekualdatzeak eta horren ondorioz jasotako jipoiak ere.
Oinazea albo batera utzita, asmoak asmo, hogei urteren buruan, sakabanaketaren helburu politikoek «porrot» egin dutela adierazi zuten agerraldian. Eta euskal presoek egunero-egunero, espetxez espetxe eta moduluz modulu, «dispertsioari duintasunez aurre egin» diotela baieztatu zuten harro. «Izaera kolektiboari eta euren nortasunari eutsiz garaitu du euskal presoen kolektiboak sakabanaketa», txalotu zuten prentsaurrekoan.
Euskal presoek beraiek dispertsioari aurre egiteaz gainera, euskal gizarteak ere urte hauetan guztietan «aurrea hartu dio» Donostian bildutako preso ohien iritzian, eta horren erakusgarri, Euskal Herriko gehiengo sozial, politiko eta sindikalak dispertsioa bertan behera uzteko bi Estatuei egindako eskariak plazaratu zituzten.
Hala eta guztiz ere, dispertsioa hogei urteren buruan indarrean egoteaz gainera, azken asteetan egindako hainbat adierazpenek bi Estatuek «sakabanaketaren ondorioetan sakontzearen alde apustu egin» du- tela erakusten dutela uste dute amnistiaren aldeko mugimenduko kideek. Alde horretatik, sakabanaketaren kontrako «presio soziala» areagotzeko beharra jarri zuten mahai gainean. «Sakabanaketak politikoki porrot egin duela esaten dugun arren, sakabanaketak hor dirau oraindik, bere ondorio guztiekin», ohartarazi zuten.
Horri aurre egiteko, sakabanaketaren kontra indarrak batzera eta ekimenak indartu eta ugaritzera dei egin zuen amnistiaren aldeko mugimenduak.
Estatu frantsesean ere bai
Euskal presoak Estatu espainoleko espetxeetan banatzeari ekin zioten unea zehaztea zaila dela onartu arren, Aljer-eko negoziaketak haustearekin lotu zuten sakabanaketa politika. «Gatazka konpontzeko aukera argi bati muzin egin, eta errepresioaren aldeko hautua berretsi zuen Estatuak», salatu zuten preso ohiek agerraldian. Argi adierazi zuten PSOE izan zela sakabanaketa politika indarrean jarri zuen alderdia. Aitzitik, EAJ-ri ere kritika egin zioten, jeltzaleek «dispertsioa bera diseinatzen parte hartu» zutela adiera- zi zuten-eta.
Baina presoen sakabanaketa ez da Estatu espainolean bakarrik gertatu, eta agerraldian azaldu bezala, «Gobernu espainolak marrazturiko gidoiari jarraituz» euskal presoak Estatu frantseseko espetxeetan sakabanatzeari eta bakartzeari ekin zion Gobernu frantsesak ere aspaldi.
Con motivo del 20 aniversario de la puesta en marcha de la política de dispersión son numerosas las movilizaciones previstas para las próximas fechas en toda la geografía vasca. En Tolosaldea, por ejemplo, una marcha recorrerá durante los próximos días toda la comarca llegando a su fin en Villabona, donde realizaran un acto, en el que denunciaran las consecuencias que esta política ha causado tanto a los presos como a su familiares, y donde denunciaran de manera especial las muertes de Mikel Lopetegi, Mikel Zalakain, Esteban Esteban y Leo Esteban, vecinos de la comarca fallecidos por motivo de la dispersión.
Por otro lado, el respeto a los derechos de los presos fue revindicado ayer en diversas concentraciones realizadas en los barrios iruindarras de Arrosadia, donde se juntaron 45 vecinos; e Iturrama, donde fueron 72. En Eibar también llevaron a cabo una concentración por los presos donde se dieron cita 70 personas.
GARA