GARA > Idatzia > > Mundua

Siriari Golan ez diola itzuliko nabarmendu du Liebermanek

Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri ministro berria gogotsu hasi da lanean. Asteazkenean, Annapolisen kontra egin zuen eta, atzo, berriz, Siriari Golan ez diola itzuliko adierazi zuen. Ondoren, Poliziak itaunketa egin zion ustelkeria salaketa bat dela-eta.
p027_f01_148x108.jpg

GARA |

Israelgo Atzerri ministro berri Avigdor Liebermanek ez ditu tropak Golan eskualdetik aterako Siriarekin bake-akordio bat lortzeko, «Haaretz» egunkariak argitaraturiko elkarrizketa batean nabarmendu zuenez.

«Ez dago Siriarekin negoziazioei buruzko akordiorik Gobernuan eta dagoeneko esan dugu ez garela Golan eskualdetik joango. Bakea soilik bakearen truke izango da», adierazi zuen Liebermanek.

Golan eskualdea 1967an, Sei Eguneko Gerran, okupatu zuen Israelek nazioarteko legediaren aurka eginez. Siriak lurralde hori itzultzea ezinbestekotzat jotzen du Israelekin bake akordioa sinatzeko.

Aurreko Israelgo Gobernuak, Ehud Olmert buru zuenak, Siriarekin elkarrizketak izan zituen 2008ko maiatza eta abendua bitartean, Turkiaren bitartekaritzari esker.

Elkarrizketa horiek Israelek abenduan Gazaren kontrako erasoa hasi zuenean bertan behera geratu ziren.

«Haaretz» egunkariak atzo argitaratu zuen elkarrizketa asteartean kargua hartu ondoren Liebermanek egin zituen adierazpenen jarraipena da. Orduan, Israelgo Gobernuak Annapoliseko prozesuarekin ez zuela inolako loturarik nabarmendu zuen. Prozesu hori AEBetako presidente ohi George Bushek bultzatu zuen, Israelek eta Mahmud Abbasen Aginte Palestinarrak negoziazioei ekin ziezaieten. Liebermanek, ordea, 2003ko Ibilbide Orria baino ez du onartzen, egun indarrean ez dagoena.

Poliziaren aurrean

Ministro kargua hartu eta hurrengo egunean, Polizia israeldarrak ustelkeria eta dirua zuritzea dela-eta Liebermani itaunketa egin zion zazpi orduz. Poliziaren eledun Micky Rosenfelden-ek Liebermanen jarrera egokia izan zela esan zuen.

Siriako presidente Bashar al-Assadek, berriz, Golan eskualdea «indarrez ala hitzez» berreskuratuko duela adierazi zion atzo Israelgo Gobernu berriari.

Bestalde, palestinar batek 13 urteko kolono israeldar bat hil zuen aizkoraz atzo Zisjordaniako Gutx Etzion kolonian, Betleemetik hegoaldera. Zazpi urteko beste haur bat ere zauritu zuen. Gutx Etzion kolono erradikalenak biltzen dituen kolonia da. Zauritutako haurra Ofer Gamlielen semea da, 2002an eskola palestinar bati eraso egiteagatik espetxean dagoena.

epaiketa

Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak 2002an Israelek Gazan buruturiko eraso batean zibilak hiltzeagatik «gizateriaren aurkako krimenengatik» irekitako prozesua ixteko eskatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo