GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Himno bat behar dugu

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Lagun, adiskide eta burkide musikalak, himno bat behar dugu. Bihotzak sutan jarriko dituen ereserki epiko bat. Himno hilezkor eta berri bat. Denborak sekula irentsiko ez duen kantu «handi» bat. Maiuskulaz idazten diren horietakoa. Memoria kolektiboan iltzatuta geratuko dena eta modaren gainetik hegan ibil daitekeena, dotore, zikoinak Cintruenigoko zentral termikoaren gainean bezala. Horixe da behar duguna musikari lagunak.

Eta ezin du edonolako himno izan, originala, indartsua eta freskoa behar du. Garai nahasi hauetarako egokia eta mezu gardenekoa, himnoek ezin baitute zalantzetarako lekurik utzi. Utikan kantu epel eta txepelkeriak, utikan maite zaitut nazkatzeraino errepikatzen duten baladak. Himno gartsu eta sendoa izan dadila gurea eta, horregatik lagun, adiskide eta burkide musikalak, hona hemen proposamen batzuk.

Encarnita Polo hilezkorraren «Paco, Paco, Paco...» kantuaren bertsio euskaratua The Sparteens taldeak bikain burutu dezakeena. «Patxi, Patxi, Patxi...» lelo esanguratsuaren ondoren lider berriaren gaitasun mugagabeak goraipatuz, ez oso agerian noski, aski da argia edota eredugarria bezalako adjektiboak erabiltzea. Pasatu gabe neska-mutilak!

Bera bezain modernoa den estetika ye-ye sinpatikoa erabiliz sekula inork ahaztuko ez duen ereserki eta bideoklipa kaleratu ditzakegu, non Patxi bera vespa batean doan moja bat atzean gitarra jotzen daramala. Errepide alboan, praka motzetan dauden gazte eder eta lirainak koloretako baloi erraldoia elkarri botatzen dabiltza, soilik filmetan entzuten diren irribarre eta saltotxo naturalak eginez. Eguzkia baino ezagutuko ez duen Euskadi berriaren abantailez disfrutatzen dute.... «Patxi, Patxi, Patxi...» dioten bitartean.

Orain etorriko dira bai suediar turistak euskal itsasertzera. Guztiok, baita euskaldunok ere, barruan daramagun Alfredo Landa hori esnatzeko gai izango den himnoa da. Eskerrik asko Patxi.

Bigarrena. Eska diezaiogun Junkerari prestatu dezala «Gernikako Arbola»ren bertsio bat kopla erara eta etor dadila hain gurea den genero horretako izenik nagusiena Isabel Pantoja Gernika bertara kantatzera. Hark bai aterako dizkio benetako esanahiak Iparragirrek kantatu eta nazionalistek hain lotsagabeki bahitua izan duten ereserki ederrari. «Gernikako arbola da bedeinkatuaaaaaaaAAaaaaAAAa aaaaaAAAaaaaAAAAAAAAAAaaaaa , ozu....». Eta ukitu «solemnea» kentzeko, atzean Pajares eta Esteso ibil daitezke Jim slip klasikoa uniforme bakarra soinean, despistean, bikinian juntetxera zin egite egunean etorri diren metro laurogeita hamarreko bi danimarkar ilegorriren atzetik korrika, ipurdia ukitu nahian. Ez al da «kastizoa»?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo