Dokumentalek Baiona izango dute topagune aurten ere
«Rencontres sur les Docks» jaialdiaren V. edizioa izango da hilaren 8tik 11ra Baionako Atalante eta L' Autre zinema aretoetan. Urtero bezala, dokumental eta film alternatiboak ikusteko aukera izango da.
Idoia ERASO | BAIONA
Baionako Atalante eta L' Autre zinema aretoek pelikula, dokumental, eztabaida eta kontzertuak hartuko dituzte aurten ere «Rencontres sur les Doks» jaialdiaren barruan. Beste leku askotan lan mota hauek ikusteko dauden zailtasunak direla medio, gero eta jende gehiago biltzen du ekimen honek. Jaialdiaren zuzendari Jean-Pierre Saint-Picqek azaldu duenez, Baionara hurbiltzen den jendeak ikusi nahi duen zinema mota «ez da hurbileko kontuen ingurukoa, mundu zabaleko gaiei buruzkoa baizik».
Bosgarren edizio hau zinema eta dokumental esperimentalen hitzordu garrantzitsu gisa finkatu da. Zinema aretoko zuzendari Sylvie Larroquek «erresistentzia-zinema» gisa definitu du. Urtero bezala, pelikulen egileek ikusleekin batera parte hartuko dute topaketa eta kontzertuetan.
Inaugurazio ekitaldian izango den pantailan barneratu, eta Afrikako lurraldeetara bidaiatuko du publikoak Mahmat H. Saloun zinemagilearen «Sexe, Gombo et Beurre Salé» eta «Abouna» filmeei esker.
Bestalde, Euskal Herriko txoko ezkutuak eta Txinako lurraldea ezagutzeko aukera izango da «Salda badago» eta «Bidaia intimoak» dokumentalen bidez. Bi lan hauek musika oinarri badute ere, ikuslea doinuez harago eramaten dute. Umeei zuzendutako eguna ere izango da jaialdian. Hurrengo asteazkenean, hilak 8, egun osoan haientzat antolatutako ekintzak izango dituzte. Filmez gain, soinua eta efektu berezien inguruko tailerretan parte hartzeko aukera ere izango da. Azkenik, Daniel Velez argazkilariak bai Euskal Herriko bai kanpoko egungo historia islatzen duten lanak erakutsiko ditu.