LABek Akitaniako Kontseiluari egotzi dio irakaskuntzaz kanpoko langileen egoera
A. MANTEROLA |
Marxoaren 23tik hainbat ikastetxetan, -tartean Baionako Cassin, Lauga, Paul Bert, Biarrizko Malraux, Donibane Lohizuneko Ramiro Arrue eta Angeluko Cantau lizeoetan- greban dauden ATOSS langileen (irakasle ez diren langileak) egoera kaskarraren ardura Akitaniako Kontseiluari egotzi dio LABek.
Deszentralizazioa abian jarri zenetik, lurraldeko funtzio publikoko C kategorian daude langileok (nagusiki, emakumeak) eta, hortaz, Eskualdeko Kontseiluak kudeatzen ditu lanpostu horiek.
Kategoria bereko gainerako langileen baldintza ekonomikoekin parekatzeko, hilero 120 euroko igoera eskatu dute langileok. Alta, Akitaniako Kontseilu buruak «erantzun mespretxagarria» eman die sindikatuaren esanetan: «Langile motaren arabera soilik 90 eta 35 euro arteko igoera egiteko prest agertu da sozialisten eskuetan den erakundea, jakinik ere langile ez-irakasle horiei ordaintzeko duten sistema bereziarekin soldata baxuena dutenek gutxiago jasoko dutela».
«Ezkerreko jokamoldea?»
LABen iritzian, «ezkerrekoa izan beharko lukeen erakundeak eskuineko estatu zentralistak duen emazteekiko joera diskriminatzaile eta burokrata berbera du».
Are gehiago, dokumentuetan «hezkuntza komunitateko eragile» gisa kontsideratuak zirenak orain «ikasleekin kontaktuan dauden langileak» bilakatu dira. Sindikatu abertzalearen hitzetan, «estatutu berri horrek jangela eta harrera zerbitzuak pribatizatzearen arriskua dakar».
Lanbide horiek «egiazko lanbideak» direnez, profesionaltasuna aitortzea, lan-sari duinak izatea, prestakuntza eskaintzea eta eginkizunak zehaztea premiazko jo du LABek.