GARA > Idatzia > > Kultura

Aipagarriak

Txillarramendin hartuko du atseden Joxe Lizasok

Ehunka lagun, senide eta herritar bildu zen atzo arratsaldean Azpeitian Joxe Lizasori azken agurra emateko. Zegoen lekuan zegoela, Lizasok sortzen zuen itzala izan zuten gehienek gogoan, baita bere eskuzabaltasuna ere. Hainbat belaunaldiren eredu izan zen, bertsotan eskolarik gabe ikasi zuen maisu handia. Bere errautsak Txillarramendin zabalduko dituzte.

p058_f01_199x104.jpg

Ane ARRUTI | AZPEITIA

Ematen duenak jasotzen duela diote eta atzo Joxe Lizasok merezitako agurra jaso zuen. Azpeitiko parrokia txiki gelditu zen bere herriko bertsolaria agurtzeko. Senideak, lagunak, herritarrak eta bertsolaritza munduko jende andana bildu zen eliza barru zein atarian. Bertaratu zirenen artean zeuden, besteak beste, Lizasoren lagun min izandako Joxe Agirre eta Imanol Lazkano, eta baita Jose Luis Gorrotxategi, Xabier Amuriza, Jon Azpillaga, Anjel Mari Peñagarikano, Txomin Garmendia, Gregorio Larrañaga Mañukorta, Andoni Egaña, Xabier Euzkitze, Jokin Uranga, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Iñigo Manzisidor Mantxi, Saroi Jauregi eta Mikel Mendizabal ere. Haimar Irigoien harri-jasotzailea, Juan Mari Arzak sukaldaria eta Rafa Larreina EAko zuzendaritzako kidea ere izan ziren Azpeitian.

Bi seme eta bi biloben artean sartu zuten hilkutxa elizara. Elizkizunaren amaiera aldera, Azpillaga, Garmendia, Euzkitze, Uranga, Egaña eta Gorrotxategik bertso bana eskaini zioten Joxe Lizasori. Xebastian semea ere, indarra atera eta aldarera igo zen eta, beti egin ohi duen moduan, ahotsak dardararik egin gabe, honako bertsoa kantatu zion Habanera doinuan bere aita zenari: «Argitik ilunpera edo, ilunpetikan argira / hildakoa nora doa, azken galdera hori da / itzalekin agortzea, bertsotan zendun dizdira / senar, aita, gizon, aiton, gizon osoa guztira / bazoaz baina ez urrun, gertu Txillarramendira / mutiko ginen garaian, bizi ginaden tokira / zure errautsak haizetan, hantxe ibiliko dira / han hartu zazu atseden, Azpeitiari begira».

Ordura arte isilik eutsi zuen jendetzak malko artean eta txalo zaparradarekin eskertu zion semeari bertsoa.

Guztiak oroitzapen gozoarekin gogoratzen dute Lizaso. Egañak «patriarka» modura gogoratuko duela esan zuen: «Kopeta beltzez sumatzen zenuen askotan, baina, hala ere, oso emankorra zen. Ematean ez zeukan neurririk. Berdin zen puro bat, muxu bat, bertso bat edo lore bat». Lujanbiok, berriz, idolo moduan gogoratuko du: «Eskolarteko txapelketan ibiltzen ginenetik sariak ematera eta agurrak kantatzera etortzen zen. Bertsolaritzan oraindik zorionez ematen den belaunaldien arteko harreman hori ordezkatzen du, nolabait». Erniarraitz Bertso Eskolakoek ere gogoan izan zuten, 21.00ak aldera Azpeitira heldu zen Korrikan bere omenez eraman zuten lekukoa.

Semeak bertsoan esan bezala, Joxe Lizaso erraustu egingo dute eta haren errautsak Txillarramendi auzoan zabalduko dituzte bere senideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo