GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Korrika 16

11 egun, ia 250 ordu, 2.504 kilometro gelditu gabe, Korrika aurrera

p021_f10.jpg

A. ZURUTUZA |

Korrikak, aurtengoan zehazki, 2.504 kilometro egingo ditu gure herrian barrena, hamaika egunetan gelditu gabe. Gelditu gabe joaten dira kilometro guzti horietan zehar, korrikalarien aurretik bata, eta atzetik bestea, bi furgoneta zuri handi ere. Bietako bat gasolina edo beharrezkoren baten bila joaten denean ere batek, une oro, hortxe jarraitzen du.

Izan ere, une orokoa, hamar egunetan zehar, furgonetetako bozgorailuetatik entzuten den musika da, bai horixe. Furgoneten gainean dauden 1.000 Wko sei bafleak martxan dira beti.

Furgoneta bakoitzaren gainean, bi generadore dituzte. Bi-hiru orduro generadoreak gasolinaz betetzen dituzte. Hala, argindarra dute barruan, musika ekipoa erabiltzeko, baita portatila eta inpresora ere.

Zortzi pertsonak osaturiko bi talde arduratzen dira bi furgonetez. Hamalau lan egiten ditu talde batek, eta ondoren besteak beste hainbeste. Eta horrela hamar egunetan zehar. Beste hainbat eginbehar ere izaten dituzte, ordea. Trafikoa bideratzen aritzen dira batzuetan edota korrikalarien aurrean taldea desegin ez dadin eta arriskurik sor ez dadin erne ibiltzen dira.

Bestetik, ahotsa galtzeraino mikrofonoa hartu eta giroa berotzen aritzen dira, orduak eta orduak jendea animatzen, oihuak luzatzen, giroa indartzen. Bada talde bietan argazkilari bana ere. 900 bat argazki eskegitzen dituzte egunero www.korrika.org orrian. Lekuko aldaketak, nahiz Korrikaren joan-etorriak erregistratzen dituzte euren kamerekin, beti irudi politen bila.

Kazetariak ere tartean

Kazetari talde bat ere bada tartean. «Info-7»ko bi, «Berria»ko bat, euskal irratien elkarteko beste bat eta egunero orriotara Korrikaren berri ematen duen GARAkoa laugarrena. AEK-ko hiru kide ere kazetari lanetan aritzen dira, baita Lutxo Egia idazlea ere. Eta tira, talde honek goizean goiz esnatu behar izaten du eta Korrika dagoen lekura joan, erabiltzen dituen bi autoekin. Irratietako kazetariek egun osoan zehar izaten dituzte konexioak hamaika saiorekin. Prentsakoak iluntzean erretiratu behar izaten dugu, ordenagailua zabaldu, eta ahalik eta azkarren egunak eman dituenak idaztera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo