Eslovakiako presidente berria, gutxiengo etnikoen eskuetan
Gaur erabakiko da nor izango den Eslovakiako presidente berria. Ivan Gasparovic da karguari eusteko faboritoa, baina oposizioko Iveta Radicovak ere badu aukerarik. Presidente berria aukeratzeko garaian, gutxiengo etnikoek zeresan handia izango dute, batez ere hungariarrek.GARA |
Orain arte presidente izandako Ivan Gasparovic da gaur Eslovakian egingo diren hauteskundeen bigarren itzulian garaipena lortzeko faborito. Dena den, aurrean duen Iveta Radicova soziologoak Erdialdeko Europako herrialde horretako lehen emakumezko presidentea izateko aukera du.
Gasparovic 68 urte bete berri dituen politikari adindua da, eta lehen itzulian bozen %46,7 lortu zuen.
Aurkari duen Radicova 52 urteko politikari kristau-demokrata da, eskarmentu txikiagoa dauka, baina, aldiz, Gasparovicek baino karisma handiagoa. Lehen itzulian bozen %38 lortu zuen, aurreikuspenek iragarritakoa baino emaitza nabarmen hobea.
Gaurko bozketan lehen itzulian kanporatuak izan ziren bost hautagairen sostengua lor dezake oposizioko Radicovak, adituen ustez. «Batak zein besteak irabazteko aukera badu ere, emaitza oso estua izango da», adierazi zuen MVK ikerketa institutuko Pavol Haulikek.
Kanpainaren azken egunotan nazionalismoa izan da nagusi, Radicovak Eslovakiako hegoaldeko barrutietan botoen gehiengoa lortu zuelako eta bertan komunitate hungariarreko kideak bizi direlako, hauteskunde hauetan bozkatzera deituta dauden lau milioi herritarren %10 osatzen dutenak.
Robert Fico lehen ministroaren Gobernuko kide den SNS alderdi xenofoboak bere egonezina azaldu zuen «gutxiengo batek herrialde osoko presidentea nor izango den erabaki dezakeelako».
«Eslovakiar onak eta gutxiengo txarrak bereizten dituenak eta herrialdea banatzen duenak presidente izateko egokia ez dela frogatzen du», adierazi zuen Radicovak asteazkenean telebistan egin zen azken eztabaidan.
Eslovakiako biztanleen %10 hungariarrak dira. Hegoaldean bizi dira nagusiki, Hungariako mugaren ondoan. Hizkuntza koofiziala da bertan. Txekiarrak, ukrainarrak, ruteniarrak, ijitoak, moraviarrak eta silesiarrak dira gainerako gutxiengoak.