Top 14
Aviron eta Biarritz, Europari begira
J.L. | BAIONA
Errugbia maite duenak galdu ezin duen neurketa da gaurkoa, izan ere, Avironek eta Biarritzek azken urte hauetako derbirik garrantzitsuena jokatuko baitute gaur ilunabarrean Baionan, 20.30etik aitzinera Jean Dauguer estadioan.
Hori bai, norgehiagoka hau ikusteko sarrerarik ez duenak alferrik egingo du Baionarako bidea, 17.000 sarrerak agortuta baitaude. Hala ere, bigarren aukera bat izango du, Frantziako Canal + telebista kateak eskainiko baitu zuzenean.
Oso partida garrantzitsua da bi taldeentzat, baina batez ere Biarritzentzat. Une honetan zuri-urdinak seigarren postuan daude, eta bosten aldea kentzen die postu bat atzerago duten Biarritzi. Gaur Avironek garaipena lortuko balu, gutxienez bederatzi puntura joango litzateke alde hori, eta datorren urtean Europako lehiaketarik garrantzitsuenean izateko aukera asko galduko lituzke Biarritzek, gaurkoa amaitutakoan lau jardunaldi geratuko baitira Liga amaitzeko.
Zuri-gorriek irabazita, Avironengandik puntu bakarrera jarriko lirateke, beti ere erasoko puntu gehigarria lortzen ez badu, eta biek jarraituko lukete aukerekin. Avironek irabazten baldin badu, hanka bat Heineken Kopan izango luke.
Jokalariei dagokienez, Biarritzen Marcelo, Couzinet, Faafali eta Thierry ez dira jokatzeko moduan izango. Avironen, berriz, Bageten hutsunea izango da. Hala ere, entrenatzaileek ez dituzte aditzera eman hamabostekoak, eta partida hasi arte itxaron beharko da zeintzuk jokatuko duten jakiteko.
Festa giroa, berriz, goizetik hasiko da, 11.30erako baitago deia eginda. Eguna musikaz eta kantuz pasako dute Baionan, eta 16.00etan gazte mailako partida garrantzitsua jokatuko dute Avironek eta Pauek. 18.30ean zabalduko dira Jean Dauguerreko ateak, eta han ere ez da musika faltarik izango.