Ohorezko maila
Dauden mailan jarraitzea da erronka nagusia
J.L. | BAIONA
Ohorezko Mailan jarraitzeko puntuak beharrezkoak izango dituzte bertan ari diren hiru euskal taldeek. Hori bai, Ampo Ordiziak bestela ere ez luke arazorik izan behar, baina badaezpada igandean dena erabakita utzi behar du. Getxok eta Bera Berak, bestelako kontuak dituzte.
Egoerarik okerrenean Getxo Artea dago. Bizkaitarrak azkeneko postuan dira, eta bigarren itzuli negargarri baten ostean, hortik irtetea oso zaila izango dute bihar irabazita ere. Baina hori lortzen ez badute, ia maila galduko dute. Hori-beltzek Queseos Entrepinares hartuko dute. Norgehiagoka zaila, 12.00etatik aurrera.
Pegamo Bera Berak, berriz, Sevillara joan beharko du Cajasolen aurka jokatzera, 12.00etatik aurrera. Donostiarrek azkeneko partida irabazi ostean azken bi postuetatik ihes egitea lortu dute, baina gaurkoan ere puntuak behar dituzte, bestela berriro ere hor sartzeko arriskua baitute.
Ordu berean hasiko da Ampo Ordiziak eta Santboianak jokatuko duten neurketa. Goierritarrak daude egoerarik lasaienean, baina ez dute ezusterik nahi, eta irabazi egin behar dute, inori begira egon beharrik gabe mailari eutsi ahal izateko. Harmailetako babes faltarik ez dute izango.
Bestetik, bihar abiatuko dira Ohorezko Mailarako igoera faseko kanporaketak. Bi euskal talde arituko dira bertan. Etxean Hernani izango da. Gipuzkoarrek 12.30etik aurrera Portuense hartuko dute. Aurkari zaila, baina emaitza on bat lortzeko itxaropen osoa dute Hernani aldean.
Gernikak ere, normala den moduan, ez du neurketa samurra izango ordu berean Alcobendasen zelaian, baina bizkaitarrak dira aurten igotzeko faborito nagusiak, eta han erakutsi behar dute zer nolako maila duten. Irabazteko helburuarekin joan dira, baina hori lortzen ez badute ere, kanporaketa etxean erabakitzeko moduko emaitza baten bila joan dira.