Buruz Buruko Txapelketa
Zilarrezko bi txapeldun, elkarren aurka urrezko mailan
Urberuagak eta Retegi Bik lehen kanporaketako partida jokatuko dute gaur Labriten.
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Lau urte. Urberuaga eta Retegiren artean dagoen adin aldea adierazten du denbora tarte horrek, baina baita batek debuta egin zuenetik besteak egin zuen arte iragandako denbora ere. Bizkaitarrak 2001eko martxoaren 16an jokatu zuen lehendabiziko neurketa profesionaletan; nafarrak, berriz, 2005eko uztailaren 2an egin zuen.
Iruñeko Labrit pilotalekuko gaurko partida (18.00, Telecincon) Lehen Mailako Buruz Buruko Txapelketan estreinaldia izango da Retegirentzat, eta bigarren neurketa Urberuagarentzat -22-11 galdu zuen iragan urteko txapelketan Agirreren kontra-. Hala ere, lehiaketa honetan txapela irabazteak sortzen duen zirrara ezagun dute biek, Bigarren Mailan bada ere.
Aspeko atzelariak 2007an lortu zuen pilota munduko zilarrezko kategorian lor daitekeen saririk handiena. Urte hartako ekainaren 1ean jokatutako finalean 22-16 irabazi zion Galartza VI.ari.
Asegarceko aurrelariak, aldiz, gauza bera egin zuen 2008an, finalerdietan Arretxe II.ari 22-18 irabazita eta finalean Larralderi 22-9 gailenduta.
Alde fisikoa
Txapelketa honetako partidak fisikoki oso gogorrak direla jakinda, izerdi ugariko lehia espero da gaurkoan. Bi pilotarien ezaugarriak oso ezberdinak dira. Retegi Bi, aurrelaria izanda, tantoak amaitzeko trebeagoa dela ematen du, baina aurrean atzelari gogorra izango du.
Bigarren Mailako Binakako Txapelketa irabaztetik dator Urberuaga, baina Retegi Bik ez du txapelketako neurketarik jokatu azken hilabete hauetan eta hori izan daiteke, agian, partida erabakiko duen alderdia. Dena den, ezustea ematen saiatuko dira.
Ezkurra-Ion eta Altuna II.a-Etxeberria III.a bikoteek Galarretako estelarra jokatuko dute gaur (17.00etan). Amezketako aurrelaria oso maila onean dago, iragan ostegunean, Iriarterekin batera, 40-18 irabazi baitzuen Zeberio II.a-Etxabe bikotearen aurka.