GARA > Idatzia > > Kultura

Antonio Arrueren «Idaztiak eta hitzaldiak» bilduma aurkeztu du Euskaltzaindiak

Antonio Arrue euskaltzaina zenaren hitzaldi eta hitzaurreen bilduma osatu zuen urtarrilean hil zen Antonio Zavala euskaltzain osoak. Berea da liburuaren hitzaurrea eta biak izan zituzten gogoan atzo.

p051_f03_96x100.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Antonio Arrue Asteasun jaio zen 1903an, baina Donostiako Okendo kalean bizi izan zen ia bizitza osoan, 1977an zendu zen arte. Legegizona izan zen, eskuindarra eta tradizionalista, baina euskararen defentsan aritu izan zen urteetan. Hizlari trebea zen eta «Egan» aldizkarian gastronomiari buruz euskaraz idazten aitzindari izan zen bere «Jan edanak» sailarekin. Bertso txapelketetan epaimahaikide ibili izan zen Zavala berarekin batera, eta idazle zaharragoak aztertu eta ikertzeaz gain, Arruek bere belaunaldiko idazleak ere hartu zituen mintzagai.

«Antonio Arrue. Idaztiak eta hitzaldiak» liburu honetan Arrue eta Zavala, biak izan ditu gogoan Euskaltzaindiak. Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi zuenez, «ederki jakin zuten euskararen aldeko lana egiten eta Euskaltzaindiak zor zion honelako liburu bat. Gure memorian biak batera edukitzeko aukera ematen digu liburuak». Zavalak transkripzioak bildu eta zuzendu egin zituen eta hitzaurrea ere berea da. Hala ere, ezin izan zuen liburua argitaratuta ikusi, joan den urtarrilean hil baitzen.

Arrueren idaztiak berak idatzi bezala jaso zituen Zavalak eta horrela ageri dira liburuan. Batzuk gaztelaniaz, besteak euskaraz. Honako gaiak aurki ditzakegu ia 300 orriko bilduma honetan: «Gerriko», «Euskeraren batasuna», «Azkue», «Mogel´ez zertxobait», «Apología del restaurante», «El bertsolari Bordel en el castillo donostiarra» eta «El humor en la literatura euskérica».

Jose Mari Iriondo euskaltzain urgazleak lagundu zion Zavalari liburu hau idazten. Atzoko aurkezpenean esan zuenez, «han eta hemen sakabanatuta zeuden lanak lehenbailehen argitaratzeko xaxatzailea izan naiz». Juan Mari Arrue, Antonioren semea ere bertan izan zen eta hunkituta hitz egin zuen: «Momentu honetan Antonio Zavalari besarkada bat ematea gustatuko litzaidake. Ziur nago, dauden lekuan daudela, umorez beteriko beste euskararen akademia bat sortuko dutela».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo