Floren Aoiz www.elomendia.com
Miguel Sanzen aholkua
Sanzek oroitarazi du Gasteizko Parlamentuaren gehiengo españolista erabaki judizial baten ondorio dela. Sanzek ez du esaten Nafarroan ere ezker abertzalea Parlamentutik at utzi zuena ez zela herria izan, espainar legeak baizik, baina aholku onuragarria da
Harro dabiltza Gasteizko Gobernu berria babestuko duten bi alderdiak. PPkoak euforiak janda, eta ez da harritzekoa, hauteskunde emaitza txarrak jaso ondotik, Alderdien Legeari esker Gasteizko Parlamentuaren giltza eskuetan daukate eta. Kausitu dute bozka mailan izandako porrota izkutatzeko bidea eta ez dute erraz baztertuko honelako negozio politikoa eskaini dien aukera.
PSOEkoek, berriz, lauki borobilaren bila segitzen dute. Nire ustetan, ez zuten bilatzen egungo antzestokia, eta arrisku handiko bidea hautatu dute, baina Rodríguez Zapateroren izarra bizkor ari da itzaltzen, eta erlojuaren hotsa gero eta mehatxukorrago aditzen dute. PSOEk Lizarra-Garaziren zikloa itxi nahi zuen hamaika giltzaz, EAJ Arriagaren izpirituaren esparrura eramateko eta oraingoan nagusitasun jarreratik lortzea espero (eta behar) zuen. Gezurra iduritu arren, EAJren aurretik gelditzea aurreikusten zuten, bi alderdien arteko koalizio edo elkarlaguntzarako beste formularen bat ahalbideratuko lukeena. Beti ere, esan bezala, Lopez lehendakari bilakatuta. Hau da, nonbait, lehenesten zuten agertokia, martxoaren lehen eguneko gauan hamaika puskatan hautsi zena, hots.
Gau hartan, erlojuaren kontra erabaki behar izan zuen PSOEk nola erantzun aurrean zuen atakari. Galizako porrota oso kolpe handia izan zen, PP eta bereziki Rajoyren lidergoa indartuta gertatzen zirelako. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestalde, aski txarrak ziren haren emaitzak. EAJ aurretik zegoen bozka mailan zein eserlekuei zegokienean, baina putxerazoak espainiar nazionalismoaren gehiengoa ekarria zuen. Fite erantzun zion egoerari PPk, bere bozkak eskainiz, PSOEren maniobratzeko ahalmena mugatuz. Gauzak horrela, pentsaezina zen PSOEko zuzendaritzarendako porrota aitortzea, eta are onartezinagoa PPren aintzin «aldaketa»ren zapuzketaren arduradun gisa agertzea.
Urratsa ez zen erraza, dena den. EAJrekiko estrategia kolokan jartzen ahal zuen, bide estatutarioaren deslegitimazioa azkartzeko arriskua begibistakoa zen eta espainiar nazionalismoaren erasoaren irudiak protagonismo handia eskaintzen ahal zion ezker abertzaleari, nabarmena baita herri mobilizazioa lideratzen ahal duen bakarra dela. Batzuek oroitzen zuten Ermuko Izpirituaren inguruko uholde espainolistak EAJ nahiz EArengan izan zuen eragina, Lizarra-Garazira zihoan bidean bultzada bilakatu zena. Baina momentuko interesak nagusitu ziren, eta PSOEk garaipen bat behar zuen, larrutik ordain zitekeen «garaipena» izanik ere.
Orain, makiabelismoaren agerpen bikaintzat saldu nahi digute porrot baten ondorioa dena. Horregatik, harroputz dabil Egiguren eraso espainolista eta bakerako urratsa uztartu nahian. Lauki borobila saldu nahian. Baina beharbada, hobe luke berak, baita bere kideek ere, nork eta Miguel Sanzek esandakoa aintzat hartzea. Sanzek oroitarazi du Gasteizko Parlamentuaren gehiengo españolista ez dela aldaketa soziologikoaren agerpena, erabaki judizial baten ondorio baizik. Sanzek ez du esaten Nafarroan ere ezker abertzalea Parlamentutik at utzi zuena ez zela herria izan, espainar legeak baizik, baina aholku onuragarria da eta PSOEkoek, harrokeria alde batera utzirik, erreparatu beharko liokete.