KRONIKA Korrika 16
Batelak sorbaldan, buruhandiak kalean, sasoiko agertu dira bizkaitarrak
Azkenetan da Korrika 16 joan den martxoaren 26tik herri mordoa zeharkatu eta milaka irribarre sortu ostean. Atzo Bizkaiko herri ugari zeharkatu zituen eta bertako herritarrak kalera atera, eta herri euskalduna nahi dutela aldarrikatu zuten. Bihar, 12.30eko ekitaldiarekin batera amaituko da Korrika, baina egun osoan izango da jai giro paregabea.
Amaia ZURUTUZA
Atzokoan Bizkaian ibili zen bete betean Korrika. 01.30 aldera iritsi ziren korrikalariak Ondarroara, eta bertatik aurrera egin zuten Berriatua, Markina, Aulesti, Lekeitio nahiz Ispaster zeharkatuz. Goizeko ordu txikietan izan zen hori, baina aurreko egunetan ikusi bezala, hori ez da oztopo euskaltzaleentzat eta beste behin ere herrietako kaleetan lasterketan ibili zen jende mordoxka.
Busturialdean barrena, besteak beste, Julen Kaltzadak eraman zuen lekukoa, AEKren eta Korrikaren sortzaileetako batek.
Dagoeneko 09.00ak inguru ziren eta zain ziren gernikarrak errepidera salto egin eta Korrikan murgiltzeko. Bidean barrena, Mundakan, esaterako, arraun taldeak batela gainean hartuta ekin zion korrikari.
Itsasertzera hurbildu eta Bermeorako aldapan barrena Korrikaren zain zegoen herri oso bat aurkitu zuen euskararen aldeko ekimenak. Balkoietan, ikurrina mordoa eta jendea txaloka, kale bazterrean jendetza, ileapaindegitik tintea buruan kalera atera ziren emakume batzuk, arrantzalez jantzitako erraldoi pare bat, buruhandiak, suziriak... hunkigarria bermeotarrek utzitako irudia.
Sollubeko mendatea igo behar zuten korrikalariek jarraian, eta hamabost bat lagunek, kirolariak gehienak, gogor eutsi zioten aldapa latzari. Beherako bidean taldea handituz joan zen, Korrikan aldapekin gertatu ohi denez. Keinu atseginen artean, Larrauriko bizilagunena. Kale bazterrean bildu eta txokolatea eta bizkotxoak eman zizkieten Korrikako furgonetetako kideei.
Mungian ehunka umek kaleak bereganatu eta gora eta behera ibili ziren, Korrikako kide batzuk kasik erotzeraino. Eta Plentzian, Urdulizen, Sopelan nahiz Berangon, baita Algorta, Leioa eta Erandion ere jendetza izan zen.
Lekukoa eraman zutenei dagokienez, eta azken batean kilometro bana erosita euskararen aldeko lanean laguntzen dutenak, atzo ere, talde eta eragile asko eta asko izan ziren. Udal mordoa, eskola eta ikastolak, alderdi politikoak, hedabideak, lekukoak batez ere, gazte mugimendua, gaztetxeak, kirol taldeak, mendi taldeak, antzerki taldeak, kirolariak, emakume taldeak, enpresatako langileak, baita sektore publikokoak ere, merkatari nahiz ostalariak, herritarrak eta abar luze bat. Guztiek, euren ekarpenarekin, Korrika errealitate bihurtzen dute.