NATOren urteurrena: 60 urte etsai bila
Atzo gauean, NATOren urteurrenaren karietara hasi zen gailurrari polizia-kontrolak eta errepresioak eman zioten hasiera Strasbourg, Kehl eta Baden-Baden-en. NATO Washingtonen sortu zen duela sei hamarkada «sobietar arriskuari aurre egiteko». Arrisku hark ere bazuen bere aliantza militarra, eta ez nolanahikoa: Varsoviako Ituna; hala ere -historiografiak ezin baititu txikikeria guztiak nabarmendu-, gogorarazi beharra dago itun hura NATO baino bost urte geroago sortu zela haren sorreraren erantzun gisa. Arrisku «gorria» desagertu eta 20 urte geroago, ordea, NATOk arrisku berriak bilatu izan ditu, etsai berriak. AEBen «etsaiak», hain zuzen. Erraz ulertzen da, horrenbestez, aliantza atlantikoaren soldaduak zergatik topa daitezkeen Afganistanen eta ez Gazan, esaterako. NATO AEBen agindupeko erakunde izate hori Europaren errezeloa eragin zuen Bushen agintaldian, eta oraindik ere bada kideen arteko desberdintasunik erakundearen funtzioari dagokionez. Washingtonek argi dauka: erakundea zabaldu egin behar da mundu mailako erakunde militarra izan arte, beti ere bere esanetara, jakina, eta NBEren Segurtasun Kontseiluari muzin eginda. Nolanahi ere, atzo hasitako gailurra Europaren eta AEBen berradiskidetzearen antzezpena da, AEBek Europaren laguntza behar dutelako eta Europak «berme militarrari» eutsi behar diola uste duelako.