GARA > Idatzia > > Kultura

«Egungo Euskal Poesiaren Historia», 1978tik 2002ra arteko azterketa poetikoa

Jon Kortazar buru duen hamaika laguneko taldeak «Egungo Euskal Poesiaren Historia» argitaratu du, non 1978 eta 2002 arteko argitalpen eta estilo desberdinak aztertu eta biltzen diren.

p050_f01_091x096.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

1978. urtetik 2002ra bitarte euskal poesiak izan duen bilakaera biltzen du EHUko Euskal Literatura Sailak argitaratutako «Egungo Euskal Poesiaren Historia»k. Jon Kortazar buru duen hamaika laguneko taldeak bi zatitan banatu du liburua. Batetik, urte horietako historia bera kontatzen da ikuspuntu berritzaileak baliatuta. Kortazarrek azaldu zuenez, «ezohiko iturriak edo iturri berriak erabili izan dira lehenengo zati hori osatzeko; batez ere euskal poesiaren egoerari buruz urte horietan egunkarietan agertutako hainbat artikulu erabili ditugu».

Bigarren zatian, bestalde, argitalpenen zuzeneko azterketa bat egin dute aukeraketa zabal bati erantzunez. «Estetika guztietako lanak biltzen saiatu gara. Badira klasikoak, Xabier Lete, Juan Mari Lekuona edo Bitoriano Gandiaga, besteak beste; badira idazle helduak, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Joseba Sarrionandia eta Aurelia Arkotxa eta beste; eta badira azken momentuko idazleak ere, Miren Agur Meabe edo Kirmen Uribe, kasu», zehaztu zuen.

Argitalpen berri hori 2007an kaleratutako «Egungo Euskal Literaturaren Historia»ren jarraipena dela esan liteke eta, Kortazarren iragarri duenez, laster plazaratuko dituzte euskal nobelagintza eta zinema eta euskal ipuingintza bilduko dituzten lanak.

Euskal Literaturaren Hiztegia

Beste alde batetik, «Egungo Euskal Literaturaren Historia» aurrera eramaten ari den ikerketa taldeak beste egitasmo bat ere gauzatu du: Euskal Literaturaren Hiztegia idatzi eta sarean eman. www.ehu.es/ehg/literatura atarian dago eskuragarri eta bertan hiztegi moduan eratuta aurkezten dira euskal literaturaren lan nagusien erreferentziak. Euskal Literaturaren inguruan interesa duenak historiako lanen erreferentzia aurkituko du, klasikoenetatik hasi eta modernoenetaraino.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo