«`Ez eta ez' jarrerarekin segitzea ez dela posible frogatu du epaiak»
Martxoaren 26an Baionako epaitegiak emandako epaiaren aurrean fiskalak helegitea aurkeztuko duen ala ez jakingo da gaur. Bide hori hartzen ez badu, epaia irmoa izango da eta horrek EHLGrentzat gauza anitz aldatuko lituzke. Onartua eta aitortua izateaz gain, lan-aukera gehiago zabaltzen dizkio laborantza iraunkor eta lurrari lotua eraiki eta finkatzeko xedearekin orain lau urte sortu zen elkarteari.
Arantxa MANTEROLA |
Baionako epaimahaiaren deliberoaren ondorioez eta aurrerantzean EHLGk izango dituen erronkez mintzo da Mixel Berhokoirigoin.
Epaia ezagutu ondoren lasaiago izango zara, ezta?
Jakina. Jada doi bat lasaiago nintzen auzia pasata, huts egiteko kezka hori beti hor izaten baita. Baina orain askoz lasaiago naiz.
Fiskalak bestelakorik erabaki ezean, behintzat, ez da helegiterik izango. Nola baloratzen duzu hori?
Helegiterik ez badute jartzen, maila juridikoan argudio sendorik aurkitu ez dutelako izanen dela uste dut. Auzia prestatu genuelarik, bederen, elementu guztiak norabide horretan paratu genituen. Horrez gain, beharbada, ez dute gogorik izanen horrelako esperientzia berritzeko...
Epaitegi aitzinean epaileen «independentzia» goraipatu zenuen. Halere, mugimendu handia izan da epaiketaren ingu- ruan. Presio hori gabe, epaia bestelakoa izango al zen?
Ez dakit, baina beti entzun izan da epaileak beren independentziari atxikiak direla, eta afera epaituko zutela, batik bat, sumarioaren edukiei so eginez. Gure kanpainaren helburua Administrazioa eta Estatuaren asmoen gainean informatzea eta alerta piztea zen, eta ez epaileak presionatzea. Argi da hemen laborantza proiektu baten aldeko mugimendu soziala badela; jende anitz badela ere, nolabait, bere bizitza-ikuspegia lurrarekin lotzen duena. Horiek guztiak Estatuak gure proiektuaren eta elkartze-eskubidearen kontra jaurtiriko erasoaz informatzea nahi genuen. Gero, jakina, epaileak ez dira mundutik aparte bizi eta, beharbada, haiek ere sentitu dute mugimendu hori.
Epaiak eragin eta ondorio imajinaezinak ekarriko dituela erran zenuen. Zeintzuk?
Ene ustez, jende askoren buruan izango da funtsezko aldaketa, baita gurekin ziren pertsonengan ere. Denek amesten zuten emaitza hori, baina gutxik sinesten zuen egiaz gertatuko zenik. Askotan gehiegi amesteak errealitatetik urruntzen gaitu eta afera honek hartu duen proportzioa lagungarri, baina, aldi berean, oztopo ere bilaka zitekeen, beste aldea «ez galtzeko» posturan jartzen baitu. Hain gaude ez irabaztera ohituak, horrelako emaitzak konfiantza izugarria ematen duela, eta, jakina, gure mugimendua azkartzen du. Nolabaiteko kontsiderazioa edo aitortza ere ekarri digu, eta hori ere oso garrantzitsua da, mentalitateetan aldaketa eragingo duelako. Guk uste dugu arrazoi genuelako irabazi dugula, baina zenbaitentzat, irabazi dugulako izanen dugu arrazoi. Azkenik, EHLGren lan perspektibentzat bidea libro utziko du eta lan-aukerak biderkatzen dizkigu.
Ipar Euskal Herrian mahai gainean diren beste eskakizunetan eraginik izango al du?
Seguru asko instituzio publikoaren eskaera indartu eginen da. Jada gauzak eta jarrerak mugitzen ari dira. Brissonek, Lasserrek edota Alliot-Mariek azkenaldian egin dituzten adierazpenak horren lekuko. Ez dut elementu zehatzik, eta horiek guztiak beren estrategia dute, jakina, baina ene iduriz, EHLGk orain errekonozimendu guztia izateak alor horretan ere zerbait planteatzera bultzatu beharko luke.
Hain zuzen, MAMek berrikitan erran du Departamenduaren eskaerari uko egiten bazaio, Euskal Herrian laborantza ganbera ofiziala plantan ezartzeko aukera izan daitekeela...
Ez dut normaltzat jotzen eskakizun politiko bat era horretan baldintzatzea. Guk aspaldi azaldu genuen legez aukera bat baino gehiago badela. Bata Departamendu propioaren sorreraren bidez, baina Departamendu berean bi laborantza ganbera izateko posibilitatea ere bada. Departamendua edo laborantza ganbera bat ofizialki ezartzeko zein bide juridiko hartu ez da gure arazoa, Estatuarena baizik. Baina bata bestearekin baldintzatzea ez da jokamolde sanoa. Edo alde zara edo ez. Halere, tabu bat hautsi dela uste dut. Egun, are gehiago Euskal Herrian zer gertatzen den ikusirik, ez da gehiago posible «ez eta ez» jarrerarekin segitzea.
Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganberarekin harremanak hobetuko al dira?
Ene ustez epai honek lagundu beharko luke. Halere, bi egituren arteko, hau da Paueko Laborantza Ganberaren eta EHLGren arteko harreman estrukturaletan edo pertsonaletan, zalantzak ditut, haiek errana baitute -prefetaren argudioak bereganatuz- egitura publikoa izaki ezin zutela harreman ofizialik ukan gurekin. Baina beste kontua da gune eta lan-arlo anitzetan elkartuko garela. Adibidez, Ossau-Iraty gaztaren sor-markaren lantaldean adostua zen egitura guztiak elkarrekin lan egitea, eta, besteak beste, EHLG hor da. Auzia tarteko, elkarlan hori orain artean ez da gauzatu. Orain desblokeatu beharko luke. Momentuz lan-egitarau formala ez dut ikusten bi egituren artean, baina gai zehatz batzuetan, beste eragileekin batera, elkarrekin aritu beharko dugu.
«Guk uste dugu arrazoia genuelako irabazi dugula, baina zenbaitentzat, irabazi dugulako izanen dugu arrazoi»