GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Jon Nikolas, Jose Landaluze, Xabier Sarasua, Zelai Nikolas eta Peio Mari Olaeta Euskariako kideak

Subiranotasunaren erronkak, M-1en ostean

Lankidetza eta kudeaketa politiko berri baten aldeko kultura sortu behar da. Norberaren interesen gainetik, Euskal Herriko herritarrenak zaindu

Martxoaren 1eko hauteskunde ez-demokratikoek panorama zaila utzi digute abertzaleoi baina, era berean, Euskal Herriko eremu bateko (EAEko) errealitate politikoaren argazki fina eskaini. Argazki horrek argi eta garbi adierazten digu zeintzuk diren Lizarra-Garazitik egiteke ditugun etxeko lanak:

Lehenbiziko argazkiak adierazten digu denbora aurrera joan arren, oraindik ere EAEn herritar gehienak Euskal Herriaren subiranotasunaren aldekoak direla (600.000 boz), hau da, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldekoak, eta beren ordezkari politikoek (EAJ+D3M+ Aralar+EA+EB) Eusko Legebiltzarrean gehiengoa izango luketela, hauteskundeak baldintza demokratikoetan egin izan balira, inolako alderdirik legez kanpo utzi gabe. Berrogei eserleku izango lituzkete, hau da, %54,6ren ordezkaritza. Indar horiek, Gasteizko Legebiltzarrean, konstituzionalistak baino %25 gehiago dira.

Irudi horrek ondorio garbi bat dakar: erabakitzeko eskubidearen alde dauden eragile horiek guztiek gutxieneko adostasun bat lortuz gero (Maltzagaraino elkarrekin joateko adina), gai izango ginateke Estatu espainola berriro eserarazteko, bake-prozesu eta negoziazio politiko bati ekiteko. Premiazkoa dugu borroka armatua behin betiko amaitzea bake-prozesu berri baten bidez, eta bestalde, eragile politiko guztien akordioaren bidez marko juridiko berri bat lortzea, erabakitzeko eskubidea jasoko duena, eta proiektu politiko guztiak -eta ez bakarrik orain arte bezala konstituzionalistena soilik- gauzagarriak egingo dituena. Krisi ekonomikoa gainditzeko tresnak eta baliabideak ere gako horietan daude.

Bigarren argazkian bloke konstituzionalista azaltzen da. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearekin bat ez datozen eragile politikoak eta Euskal Herriarentzat eredu konstituzionalistak defendatzen dituztenak, berriz, gutxiengoa dira Gasteizko Legebiltzarrean (36 eserleku egokituko litzaizkieke baldintza normaletan). Hala, gutxiengoan izanik, ezin digute beren eredu konstituzionalista gainontzeko herritarrei inposatu eta, ezinbestez, erabakitzeko eskubidea errespetatu beharko lukete benetan demokrazian sinesten badute eta bizikidetza errespetuan oinarritu nahi badute. Izan ere, erabakitzeko eskubidea onartzen duen marko juridikoan haiek beren proiektu konstituzionala defendatu eta gauzatu ahal izango dute, baina tranparik egin gabe.

M-1eko hauteskundeak utzi digun hirugarren argazkia: eragile abertzaleen eta subiranotasunaren aldekoen artean bi dira egoera politikoa aldatzeko gaitasuna duten ardatz politikoak: EAJ-PNV eta ezker abertzalea.

Hurbileko esperientziak dioenez, bi eragile horiek nor bere aldetik dabiltzan bitartean ez da lortuko ez Estatu espainola, ez bloke konstituzionalista mugiaraztea. Bi ardatz horien arteko estrategia partekatu bat behar da Maltzagaraino heltzeko. Gutxieneko batzuen inguruko adostasun estrategikoa lortu, hain zuzen, antzeztoki berriaren ingurukoa eta horretara heltzeko erabili nahi diren jokamolde eta borroka-moldeen ingurukoa.

Azken argazkia, itxaropentsuena. Ikusirik zer-nolako «okupa» jokabidea hartu duen PSEk, asmo bakarra Ajuria Enera heltzea izanik, eta Konstituzioarekin bat egitetik kanpo ez duela proiekturik, martxoaren 1eko panorama zailak aukera politak utzi ditu zabalik abertzale eta subiranotasunaren aldeko eragile politikoen lankidetzarako.

Argazki horiek guztiek, datozen urteetarako etxeko lan potolo batzuk jarri dizkigute:

1. Indar konstituzionalistek agintzen ez zuten euskal eremu bakarreko aginteaz jabetu nahi duten honetan, alderdi abertzale eta subiranistek ahalegin berezia egin behar dute erantzukizunez jokatzeko eta beren arteko ezberdintasun historikoak gainditzeko. Horretarako ezinbestez lankidetza-kultura berria sortu behar da, haien arteko konfiantza-harremanak berreskuratu, eta lehentasuna burujabetzaren helburu eta estrategiei eman, norberaren eta alderdien interesen gainetik.

2. Ezker abertzale berria egituratu behar da lehenbailehen, bide politikoei nagusitasuna emanez. Zertarako? Marko juridiko berri bat lortzeko -independentzia barne-, euskal herritar guztien erabakitzeko eskubidea errespetarazteko eta Euskal Herriko lurraldetasuna egituratzeko aukera izateko.

Ezker abertzalea egituratzeko lan horretan berebiziko garrantzia izango du, edukiez gain (marko juridiko-politiko berri bat eta ezkerreko politika publikoak gauzatzea), lan eta borroka moldeetan ados jartzeak. Politika molde berriak behar dira eragileen arteko konfiantza berreskuratzeko eta herritarren artean politika-esparruak berriro ere itxaropena eta ilusioa sorrarazteko. Hori guztia lortzeko eskuzabaltasun handia behar da, ika-mika historikoak alde batera utzi eta seriotasuna, anaitasuna, zintzotasuna eta gisako baloreak izan beharko dira gidari.

3. EAJ da Euskal Herriaren subiranotasunaren beste ardatz politikoa eta berak egin ditzakeen akordioek berebiziko garrantzia izango dute Euskal Herriaren geroan. Hori horrela izanik, erantzukizunez jokatzea eskatu nahi diogu, eta Euskal Herriko herritarren ongizatea helburu nagusitzat izan dezala.

Azken urteotan EAJk zuzendu dituen ekimenek argi utzi dute Estatu espainolak, bere legearen bidez, kutsu subiranista duen edozein proposamen galaraziko duela, horren kudeaketa guztiz demokratikoa izan arren.

Bestalde, EAJren jardunak erakutsi digu bloke konstituzionalistarekin hitzarmen transbertsalak negoziatzeko -eta Konstituzioarekin bat egitea izan ezik- ezinbestekoa dela aurretik subiranotasunaren alde dauden alderdi eta eragileen artean ekimen bateratu bat lortzea. Aldebakarreko negoziazio-saioek ez dute gatazka politikoa luzatzea baino lortzen eta, bide batez, bloke konstituzionala indartzea baino ez.

Une zailetan gaude, baina urrutira begiratu behar da ausardiaz. Lankidetza eta kudeaketa politiko berri baten aldeko kultura sortu behar da. Norberaren interesen gainetik, Euskal Herriko herritarrenak zaindu.

Goldea pasatuta dago eta lurra prest hazia ereiteko, etorkizun hurbilean gure erabaki hutsez landutako uzta jaso dezagun. Ezker abertzale berria eta erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromiso zehatzak hartuko dituen EAJ dira subiranotasunaren aldeko mugimenduaren ardatz nagusiak. Eragile guztiei dei egin nahi diegu subiranotasunaren erronkei ardura politikoz heltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo