Telebista komunikabide berriekin batu beharko da, hondoa jo ez dezan
Ostegunean amaitu zen ikus-entzunezko edukiak ardatz dituen MIPTV jaialdia Cannesen. Industriak ere antzeman du krisi garaia, eta egungo teknologiek gero eta indar gehiago dutela horri gehituta, telebistak noranzko berriak hartu behar dituela azpimarratu zuten.
GARA | CANNES
Krisia pil-pilean eta teknologia berriak indartsu dauden honetan, publizitatea eta, batez ere, telebista, formula berriak bilatzera kondenatuta daude. Hori da gutxienez Cannesko ikus-entzunezko edukiak ardatz dituen MIPTV jaialdian ondorioztatu dutena. Aurtengo edizioan, hainbestetan hizpide den etorkizunean ipinita zeuden begiak, baina etorkizun hori oraina bihurtu den honetan, egoerak berdintsu jarraitzen duela konturatu eta gerturatutakoek hainbat proposamen egin zituzten aurrerapausoak emateko asmoz.
Teknologiako aditu ugarik parte hartu zuten bertan eta denen ahotan hitz bakarra izan da: Internet. WPP taldeko presidenteak, Martin Sorrellek, esaterako, garbi adierazi zuen «telebistak hondoa jo nahi ez badu», komunikazio euskarri berriekin batu beharko duela (sakelako telefonoa, Internet, bideoa...). Haren esanetan, horiek direlako, hain zuzen, indarra hartu eta jaun eta jabe bihurtuko direnak.
Itzalaldi analogikoa inflexio puntutzat hartuta, eta telebistaren kontsumoaren beherakada gogoan izanda, MIPTVen garbi geratu da tresna bere irudi fisikoa galtzen ari dela, eta telebistak pantaila mota guztietara moldatzeko aukera duela ere ikusi ahal izan da. Agian horregatik Emmy Digitales Internacionales taldeak ematen duen Pioneer saria Nokia-rentzat izan da, «telebista digitalerantz emandako pausoengatik eta bideoak sakelakoan ikusteko emandako aukeragatik». Horiek horrela, lehen mehatxu zena, orain aukera gisa hartzen da.
Yahook ere parte hartu du jardunaldi horietan eta Connected TV proiektua aurkeztu zuen. Ordezkari gisa, bertako zuzendari Patrick Barry izan zen protagonista. Azaldu zuenez, «telebista eta weba batu egin behar dira» eta horren erakusle da Connected TV. Haren hitzetan, gauza dibertigarriak beste pantailetan daudelako, telebista ikusteari utzi dio erabiltzaileak. Beraz, «konponbidea sinplea da: dibertsioa telebistara eraman beharra dago». Horretarako, plataformak Interneteko hainbat aplikazio (meteorologia, albisteak, komunitate guneak...) egongelako telebistan barneratzen ditu. Modu horretan, erabiltzailearen eta aparatuaren artean sortzen den elkarreragina orain artekoa baino handiagoa da. Izan ere, ikusleak ohiko programazioaz gain, berak aukeratutakoa ikus dezake, «etxean bideoteka edukiz».
Azpimarratzekoa da, software hori jada Sony, Samsung eta LG etxeek bere egin dutela. Barryk egungo egoeraz ere hitz egin zuen eta haren esanetan, industriaren aldaketa eta erabiltzaileak kontsumitzeko dituen ohitura berriak onartu egin behar dira, «ateak itxiz gero, leihoetatik irtengo dira», aipatu zuen.
Publizitatea ere mintzagai izan zen MIPTVen, izan ere, hori, erabiltzaileak bazterrean uzten ari dira eta egoera hori kezkagarritzat jo zuten bertaratutakoek. Ildo horretatik, ezinbestekotzat jo zuten iragarkiak ere norabide berri batean ezartzea, audientziaren zatiketak eta telebistak gero eta pertsonalagoak bihurtzeak hala agintzen baitu. Christopher Lambert publizistak, besteak beste, Facebook-en aukerak eta Barack Obama AEBetako presidenteak egindako lana jarri zituen adibidetzat.
Ted Baracos, Content 360 ataleko presidenteak aipatu zuenez, «telebista zer den eta existitzen ote den galdetzen jarraitu behar dugu», MIPTVko puntu garrantzizko bati, multiplataformari erreferentzia eginez.