Google-ren bilatzaile eta e-maila euskaraz erabil daiteke
GARA | BILBO
Lakuako Gobernuak eta EiTBk Googlerekin akordioa sinatu dute, bilatzaileak bere zerbitzuak euskaraz eskaintzeko. Hala, teknologia berrietan euskararen presentzia handitzeko helburuarekin, bilatzailea eta Gmail, e-maila, euskaraz erabili ahal izango dira.
Carlos Gracia, Google Enterprise-ko zuzendariak azaldu zuenez, akordio horrekin euskarak sarean duen indarra handitu eta «euskal bilatzaile unibertsala» sortu nahi izan dute. Azpimarratu zuenez gainera, Google euskarazko beste tresna batzuk eskaintzeko lanean ari da. Etorkizunean, besteak beste, eskaneatutako liburuen irakurketa edota mapetako bilaketak euskaraz egiteko aukera izango da.